Abadiñoko Probalekuak Euskadiko Harri-Jasotze Txapelketak hartu zituen pasa den zapatu arratsaldean. Kintopeko Txapelketa jokatu zen lehenengo: 50 kiloko zilindroarekin eta pisu bereko kubikoarekin ahalik eta altxaldi gehien egiteko erronka zeukaten emakumezkoek. Emandako hiru minutuetan, Goizeder Abendibarrek zilindroa 43 aldiz jasotzea lortu zuen, eta kubikoa 29 aldiz; guztira, 72 altxaldiko marka eginez eta Euskaldiko txapeldunorde izatea lortuz. Lehen postua Maddi Gesalaga zarauztarrak egin zuen, 78 jasoaldirekin (47 zilindroa eta 31 kubikoa).
Ondoren, gizonezkoen mailako Harri Txikien txapelketari ekin zioten. Hiru minutuan ere, forma eta pisu desberdinetako harriak altxatu behar zituzten: 125 kiloko laukizuzena, 125 kiloko zilindroa, 112,5 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola. Zelai V.ak 28 aldiz altxatu zuen laukizuzena, 27 aldiz zilindroa, 16 aldiz kubikoa eta 21 aldiz bola. Bi aurkarik bakarrik lortu zuten mallabitarraren marka hobetzea: Mikel Lopetegi Urrak, 109 jasoaldirekin (32 laukizuzena, 32 zilindroa, 20 kubikoa eta 25 bola); eta Beñat Telleriak, 102 jasoaldirekin (27 laukizuzena, 29 zilindroa, 19 kubikoa eta 27 bola).