Ume-umetatik pelotie eskuen, bere bizitzaren zati haundi bat egin dau frontoietan Anderrek, bizitza osue ez esatearren. Haiseratan Mallebiko eskolako sasoien Xabat Areitioaurtena, Gorka Arellano eta Iñigo Pradera mallebittarrekin osatu zitxun bikotiek, eskolarteko txapelketetan batez be. Gerora, Agus Solozabalekin, Unai anaiaren bikote lez ibiltzen zanakin be jokatu zitxun txapelketa batzuk, “Ander ni baino hobie zan” dino Unaik. Mikel Gonzalez berriztarrarekin 2003en Handball modalidadeko munduko txapela ekarri eban Mallebire Irlandatik eta “afari bat egin gendun Mallebarrengoko jatetxien; herri guztixe egon ginen bertan bere garaipena ospatzen”, gogoratzen dau Unaik argazkixei begire. Hainbat argazki eta egunkarixetako errekorte ekarri deuskuz Unaik, “amak danak daukez gordeta”. Urte horretan Angentinan be egon ziren Unai eta Ander, eta hurrengo beste urte baten Ander Venezuelan egon zan entrenatzaile moduen Asier Berasaluzekin batera.
Esku pelotia itxi barik, trinkete munduen sartu ziren anai bixek Kepa Arroitajauregirekin eta azkenerarte Euskal Esku Pelota Federazioko trinketeko hautatzaile eta arduradun lez ibili da Ander. Abadiñoko Tornosolo Trinketeko entrenatzaile eta bultzatzaile izen da Arroitakin batera eta 2020ko maiatzien Kepa hil zanetik, arduradun. “Ander Keparen oso lagune zan, konfiantzazko gizona” esan deusku Txaber Zabalak, Durangoko Pelota eskolako arduradun danak. Durangoko pelota eskola honetan be lan haundixe egin dau Anderrek, “batzarren bat edo beste eginkizunen bat eduki dodanetan Ander egin izan da neska-mutikuen entrenamentuen kargu”. Trinketeko hautatzaile eta entrenatzaile ibiltxiaz gain, “Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Errioxako pelotarixekin jokatuteko “mundialillo” baten parte hartu eban Anderrek”, eta baitte Iparraldeko txapelketetan be maila gorenien be, esan deusku Txaberrek. Euskal Selekzinuan alde eta Bizkaiko Federakuntzan be lan haundixe egin dau Anderrek, “bere ametsa Euskal Selekzinue munduko txapelketa ofizial bat jokatzen ikustie zan”, komentau deusku Unaik.
Omenaldi xumiek
Mallabiko jaixen barruen, abuztuaren 14en omenaldi txiki bat egin jakon, eta hainbat jaso dauz harrezkero. Anderrek “zulo haundixe itxi dau bai etxien eta baitte pelota munduen be”. Unaik esan deuskunez, “ama oso pozik dago, kosta egiten jako ondiño, baina mingarrixe dan arren Andergaitxik da, bere akordue eta lana goraipatzearren, errekonozimendu hori jasotzie hunkigarrixe da”.
Durangoko jaixen barruen, urrixaren 17xen, pelota eskoliek antolatu daben pelota partiduetan omenalditxo eta aitorpen bat egin eutsien Anderri, Durangoko esku pelota eskolako kidiek, Euskal Selekzinoko kidiek eta Federazinoko kidiek. Anderren familiak hainbat oroigarri jaso zittuen bereziki hunkigarrixe izen zan omenalditxo baten. Bertan izen ziren Beñat eta Inhar semiek, ama Mariaje, anaie Unai, arreba Arrate eta bikote Sirats. Bizkaiko kluben arteko txapelketa bat jokatu eben Durangoko eta Orozkoko neskek, eta Titin III-Antxiak eta Agirrezabal-Mikel Goñik pelota gozuaz jokatu eben.
Elizpeko txapelketa, Ander Martin memoriala
Aurreko urtietan lez Urriko Jaixen egitarauan barruen Elizpeko pelota txapelketa jokatu da. Aurten Ander Martin memoriala izena ipini deutsie. Hilan 24en, jaixen lehenengo egunien jokatu zan finala eta Julenek eta Xabik irabazi eben torneue. Pelotari kementsuenari sarixe be emon deutsie edizio honetan. “Ander, bai pelotan jokatzen eta baitte bizitzan be kementsue izen da, borrokalarixe, gogorra, dana emoten eban fontoien bizitzan emon daben moduen”. Bere kuadrilakuen esanetan, Ander “lagunen lagun zan, ez jakon galtzie gustatzen, bere omenez atara dogu sari hau”. Aurtengo edizioko pelotari kementsuena Xabat Uzuriaga izen da.



