XI. mendean, Nafarroako Itzaltzu herrian jaiotako euskal bardoa izan zen Gartxot. Bere bizitza eta heriotza ahoz transmititu zen menderik mende, 1917. urtean Arturo Kanpionek idatziz jaso zuen arte "Gartxot, Itzaltzuko bardoa" liburuan. 1981ean, "Itzaltzuko Bardoa" abestia eskaini zion Benito Lertxundik, eta 2003an Asisko Urmenetak komiki bihurtu zuen. Azken honetatik abiatuta, Urmenetak berak eta Juanjo Elordik pantaila handira pasa zuten 2011n, "Gartxot, konkista aitzineko konkista" helduentzako marrazki bizidun film bezala.
Orain, Gazte Asanbladak euskal bardoaren istorioa Mallabira ekarriko du. Proiekzioa gaur, azaroaren 21ean, egingo da, 18:00etan, Herrikoko Elkartean. Sarrera librea izango da, baina filma zazpi urtetik gorakoentzat gomendatuta dagoela gogorarazi dute asanbladatik.
Sinopsia
Bardo deitzen zaio herriaren oroimena eta kultura gordetzen duen kantariari. Eta horixe da Orreagako abade berriak nahi ez duena. Hargatik, Gartxot, bertako bardoa, deserriratu eta Mikelot, haren semea bahituko du latinez kantatuko duen fraide bihurtzeko. Baina Mikelotek ihes egingo du eta berriro hasiko da kantuan aitarekin, herriz herri. Elizak iraintzat hartuko du kantaldi bakoitza eta fraide-gerlari beldugarrien esku utziko du aita-semeak harrapatzea. Tragedia XII. mendean. Hasi da konkista aurreko konkista.