Azaroaren 29an, Arrazakeriaren eta Diskriminazioaren Aurkako IV. Txapelketa jokatu zen Areitioko Kirol Hirian. SD Eibar, Athletic Club eta Real Sociedad taldeetan jokatutako beteranoak eta txapelketarako propio sortutako Nazio Batuak futbol kluba lehiatu ziren. Formatu koadrangularrean jokatu zuten, guztiak elkarren aurka 30 minutuko partidetan, eta Athletic eta Eibar ailegatu ziren finalera. Txapelketaren lehen faseko partidan bezala (3-3), berdindu egin zuten finalean ere (1-1), baina penaltietan talde armagina atera zen garaile.
Dena den, atzokoan emaitza ez zen inportanteena: SD Eibar Fundaziotik azaldu bezala, ekintza honen helburua "kirolak inklusioarekin, errespetuarekin eta arrazakeriaren aurkako borrokarekin duen konpromisoa indartzea" zen, eta, bukatzean, jokalarien eta zuzendarien arteko anaitasun-ahizpatasun bazkaria egin zuten, "proiektuari inspirazioa ematen dion elkarbizitza-espiritu hori indartuz".
