Ongi etorri drogetenitturri.eus webgunera!

Dorleta Vidal 2024ko urt. 15a, 08:00

Gaurtik aurrera, Drogetenitturrik beste bide bat izango du euskarazko albisteak zabaltzeko: drogetenitturri.eus ataria. Hemen, Ermuko eta Mallabiko berriak jasoko ditu egunero, tokiko beste 30 hedabidek erabiltzen duten plataforma bera erabilita.

Martxan da drogetenitturri.eus webgunearen jarduna, eta hari esker, gai anitzetako tokiko informazioa jasoko dute herritarrek egunero: kultura, kirola, gizarte gaiak… Horrez gain, ikusentzunezkoak, eskualdeko berriak, zozketak eta aldizkariaren edizio digitalak izango dituzte eskura, besteak beste. Gainera, Drogetenitturrik sare sozialetan duen presentzia areagotuko da, kontu propioak sortu dituelako Instagramen, Facebooken eta Twitterren.

Webguneari esker, aldizkariaren jarduna Internetera ere zabaldu nahi du Euskal Birusa Euskara Elkarteak, herritarrei eduki gehiago eta modu erakargarriagoan eskaintzeko. Hori lortzeko, Tokikom Sareko komunikabideek sortutako eta CodeSyntax enpresak garatutako plataforma erabiliko du, punta-puntako diseinu eta funtzionalitateak dituena, eta telefono mugikorretan ondo ikusteko egokituta dagoena. Gaur egun, tokiko 30 hedabidek baino gehiagok erabiltzen dute plataforma hau.

Drogetenitturrik eskualdeko euskarazko komunikabideekin elkarlanean garatzen diharduen prozesuaren fruitua da webgune hau, eta pauso garrantzitsua da bailarako zein Euskal Herriko tokiko komunikabideekiko elkarlana sustatzeko. Drogetenitturri.eus atariarekin batera, martxan jarriko dira ere Plaentxia.eus (Soraluze), Barren.eus (Elgoibar-Mendaro) eta Berriketan.eus (Deba), eta guztiek konpartituko dute erreminta bera. Debabarrenean plataforma hau ezartzeko inbertsioa bailarako udal guztien laguntzari esker finantzatu da, tartean Ermuko eta Mallabiko Udalak, eta helburua da eskualdeko komunikabideon Interneteko jardunean pauso koalitatibo bat ematea.