SD Eibar Fundaziotik gonbidapena luzatu diete Eibar, Elgoibar, Ermua eta Mallabiko ikastetxeei 2024ko Euskararen Baloian parte hartzera, umeen artean euskararen erabilera bultzatzeko.
Euskararen Baloiak Ipuruako obrak egin zirenean aurkitu zuten baloi baten istorioa kontatzen du:
1899an, auzoko bizilagunek Andres Gorosabel auzokide eta baloigileari eskatu zioten baloi hori. Honek, mandatua onartu zuen, baldintza batekin: Baloi hura erabiltzen zuten haurrek, euskaraz erabili behar zuten.
Eta ordutik gaurdaino dirau ohiturak: Gorosabelen lekukoa hartuta, egungo SD Eibarko kideek (gizonezkoen eta emakumezkoen lehen taldeko jokalariek, entrenatzaileek...) baloi horren istorioa kontatzen diete ikasleei.
Aurten, hamar ikastetxetik gora hartu dute parte jada eta, berritasun bezala, haien arteko lehiaketa bat antolatu dute. Ikastetxe bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du, edozein modalitate artistikoan: antzerkia, abestia, dantza, ipuin kontaketa... Gaia "Euskara eta kirola" izango da eta gehienez 5 minutu iraungo du obra bakoitzak.
Sariak eta zozketa
Epaimahai batek hautatuko ditu irabazleak, lau balorazio-irizpide nagusiren arabera: originaltasuna, mezua, talde-lana eta Eibarraren balioekiko lotura (errespetua, konpromisoa, diziplina, apaltasuna, elkartasuna eta zintzotasuna).
LEHEN SARIA
Irabazleek gizonezkoen lehen taldearen entrenamendu bat ikusiko dute eta, ostean, euren kontrako partidua jokatzeko aukera izango dute. Atxabalpen izango da (Arrasaten duten entrenamendu zelaian) eta autobus ofizialean joango dira, taldearen maskota Pantxikarekin.
Pantxika Ipuruan, haurrekin argazkiak ateratzen.
BIGARREN SARIA
Armaginen lehen taldeetako jokalari guztiek sinatutako baloia.
ZOZKETA
Horretaz aparte, ikastetxe guztien artean zozkatuko dira:
- Kamiseta ofizial bat.
- Euskararen Baloiaren ale bat.
- Lehen taldeen partiduak ikusteko sarrerak.