Gaikako bilketaren tasak behera egin du 2023an

Ander Gomez 2024ko ots. 5a, 09:27

Mankomunitatearen 2023ko datuen aurkezpena.

Urtean zehar herritarrek hondakinak modu egokian sailkatzen dituzten aztertzen du Debabarreneko Mankomunitateak eta pasa den urteko datuak jasotzen dituen txostena argitaratu berri du: Eskualde osoko batez besteko gaikako bilketa tasa %0,79 jaitsi da; %1,5 eta %2 inguru Ermuan eta Mallabian, hurrenez hurren.

2021. urtetik, gaikako bilketaren datuak grafikoki jasotzen dituen txostena argitaratzen du Debabarrena Mankomunitateak, herritarren artean birziklapen kontzientzia areagotu eta informazio zehatz eta zuzena helarazi nahian.

Aurtengo txostenaren arabera, sortutako hondakin kopurua 30.700 tonatan mantendu den arren (421kg biztanleko), 200 tona gutxiago jaso dira 2022arekin alderatuta: Beira jaitsi da nabarmen (130 tona gutxiago), baita plastiko gogorra, txatarra, gurpilak eta aparailu elektrikoak ere. Bestalde, igo egin diren bilketen artean daude hondakin organikoak (+100 tona), kafe kapsulak (ia bikoitza, +7.000 kg) eta hondakin arriskutsuak (+%15).

Debabarreneko batez besteko tasa %53,89 izan da aurten; %54,68 iaz.

Ermua gutxien, Mallabia gehien

Eskualdeko herri bakoitza aztertuta, gaikako bilketa tasa baxuena izan du Ermuak (%45,56) Soraluzerekin batera (%49,13). Mallabiak, aldiz, altuena izan du (%66,49); atzetik, Mutriku (%62,12). Hala ere, 2022ko txostenarekin alderatuta jaitsi egin da bi herrietan: %1,48 Ermuan, %2,04 Mallabian (iaz %68,53 izan zuen, inoizko tasarik altuena Debabarrenean).

Jarraian 2019-2023 arteko datuen grafikoa:

2024ari begira

Debabarrena eskualdearen gaikako bilketaren tasa hobetzeko hurrengo neurriak adostu ditu Mankomunitateak:

  • Organikoaren edukiontziak itxiko dira berriz.
  • Arraindegietako sandach hondakinen bilketa jarriko da martxan.
  • Komertzioetan eta ostalaritzan ordutegietara moldatutako bilketak egingo dira.
  • Industriaguneetan, sortutako hondakinen araberako ordainketa sistema ezartzeko analisia eta inplementazioa egingo da.
  • Berrerabilpena bultzatzea bestelako ekintzekin.

Urteko datu guztiak batzen dituen txosten grafikoa hemen: 2023ko TXOSTENA.