Komunitatea Drogetenitturri.eus erabiltzen dugun guztion taldea da: kazetariak,erabiltzaileak, iritzigileak, kolaboratzaileak... eta, gaurkoan, taldeentzako gonbidapena zabaldu nahi dugu Drogetenitturritik, Ermuarekin eta Mallabiarekin lotura duten kolektiboei txoko libre eta dohainekoa eskainiz, tokiko euskarazko komunitate anitz eta indartsu bat sortzeko helburuarekin.
Elkarte kulturalak, kirol klubak, euskara eragileak, ekologismo taldeak, aldarrikapen plataformak... guztiek bere gune propioa edukitzeko aukera izango dute aurrerantzean, taldearen inguruko informazioa, argazkiak, bideoak... argitaratzeko.
Berbalagunen Komunitateko profila.
Albiste guztiak taldearen Komunitateko "blog" pertsonalean agertuko dira; baita portadako Komunitate blokean ere, publikatzen diren heinean. Albisteok Drogetenitturri.eus-en portada nagusira ere jaso daitezke, baina Drogetenitturiko erredakzioak bakarrik hartuko du erabaki hori, kazetarien irizpideen arabera (albistearen berehalakotasuna, herri-mailan duen garrantzia eta orokorrean nabarmentzen den edukiaren oreka zaintze aldera).
Komunitateko blokea, portadan.
Nola lortu Komunitateko kontua?
Interesa duten taldeek mezu bat bidali beharko dute drogetenweb@gmail.com helbidera hurrengo datuekin:
- Taldearen izena
- Deskribapen laburra (ez da beharrezkoa)
- Logotipoa (ahalik eta kalitate onenean)
- Helbide elektroniko bat
Besterik ez. Drogetenitturri arduratuko da kontua sortzeaz eta profil horri baimen bereziak emateaz. Gero, sarbide-datuak (erabiltzailea eta pasahitz bat) bidaliko ditu bueltan, mezu berari erantzunda.
*Taldeek pasahitza aldatzeko aukera izango dute edozein momentutan, profiletik bertatik.
Drogetenitturri.eus atariak ermuar eta mallabitar guztiontzako komunikazio tresna izatea du helburu. Animatu eta batu Komunitatea den Ermuko eta Mallabiko plaza digitalera!