Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeak ekintza ezberdinak burutzen ditu egoera zaurgarrian dauden pertsonei janari duina eman ahal izateko, tartean, Lesbos uhartean (Grezia) dauden kanpamentuetako errefuxiatuei. Haien alde egingo da aurten ere Ermuan hasi eta Debabarrena osora zabaldu den erroka honen seigarren edizioan.
Proiektua bi fasetan banatuta egongo da. Lehen fasean, elikagai bilketa egingo da Debabarreneko herri guztietan, martxoaren 18a eta 22a bitartean: arroz biribila Ermuan eta Deban; makarroia Mallabian eta Mendaron; dilista pardina Eibarren; txitxirio pedrosillanoa Elgoibarren; arroz luzea Soraluzen; eta kontserbako arraina Mutrikun.
Ermuan leku hauetan jasoko da arroza: Arriaundi okindegia, Beta argiztapena eta Amatxi eta Jubiletxe tabernetan. Gainera Ermuko AECC elkarteak Merkatu Plazan duen txokoan era guztietako elikagaiak jasoko dituzte 18tik 22ra, goizean 10:30ak eta 13:00ak bitartean eta arratsaldean 17:00etatik 19:30ak bitartean. Mallabian, bestalde, Liburutegian eta Udaletxean jasoko dira makarroiak. Jasotako guztia Lesboseko kanpamentuetan dauden errefuxiatuei jaten emateko erabiliko da. Izan ere, ekimenaren antolatzaileek esan dutenez, hango egoera okerrera doa Gazako gatazkak eraginda, Palestinako errefuxiatuak ere bertara heltzen hasi direlako.
Proiektuaren bigarren fasea martxoaren 23an egingo da, Eibarko Errebal plazan (iaz Ermuan egin zen). Egun horretan "tuper solidarioa" ekintza burutuko da 14:00ak eta 15:00ak bitartean, eta parte hartzen duten guztien artean artelanak eta bazkariak zozketatuko dira. Informazio gehiago jasotzeko, zaporeak.eus webgunera jo daiteke.