Argazkietan Ermuko Institutuko erakusketa, Durangoko Museoko erakusketaren inaugurazioa eta Durangaldeko Wikiemakumeok taldeko partaideetako batzuk, Maitane Azurmendi ilustratzailearekin.
Institutuko sarreran, “8 EME” izenburupean, arlo desberdinetan zeresana izan duten zortzi ermuarren biografien panelak jarri dira, Ondarea taldearen ekimenez eta Euskal Birusa Elkartearen babesarekin: gazteek bertan dituzte ikusgai Espe Alegria irrati esataria, Maite Alvarez biologoa, Dioni Ardanza jostuna, Luzia Areitioaurtena erraketista, Mariarro Arrizabalaga gizarte-ekintzailea, Julene Bouzo atleta, Maria Magunazelaia txirrindularia eta Jasone Salaberria filologoa.
Bestalde, Wikipedian dagoen genero arrakala orekatzeko helburuarekin sortutako Durangaldeko Wikiemakumeok taldean, argazki batzuk erabilpen librekoak ez zirela ikusita, sareratutako emakumeen biografiak ilustrazioekin hornitzea erabaki zuten, benetako erretratuetan oinarrituta. Zeregin horretan denboralditxo bat darama Maitane Azurmendi margolari mungiarrak eta ia 200 emakumeen ilustrazioak egin eta sareratu ditu, biografien ezinbesteko osagarri bihurtuz. Wikilarien eta Museoaren arduradunen arteko elkarlanari esker, bailarako 15 emakume garrantzitsu batu dira “Durangaldeko emakumeen erretratuak” izenburupean. Museoko beheko solairuan bailarako herri guztietako andrak daude ikusgai maiatzaren 5era arte, tartean Victoria Mallabiabarrena soprano eta Luz Zalduegi albaitari mallabitarrak, eta Rosario Zubizarreta erraketista ermuarra.