Gurutzeak eta landara-txortak Erramu egunez

Drogetenitturri 2024ko mar. 25a, 11:20

Ereinotza eta erramua aldaba baten jarrita Erdiko kalean.

Aste Santuaren atea da Erramu eguna, aurretiko domeka, eta batez ere baserrietan ohitura eta sinesmen bereziekin lotuta egon da. Gure artean ia desagertzear, egun honen usadioak ezagutzeko denboran apur bat atzera egin beharretan gaude. 

Testua: Santos Aranburu eta Estibalitz González.

Eleizaren bedeinkazio egun handia izaten zen Erramu egunekoa, baina etxeetan aurretikoak ziren basora joan eta prestaketa lanak egitekoak, domekarako dena gertatuta eduki ahal izateko. Udaberrian etxeko soloetan jarriko ziren gurutzeak egin beharra zegoen, domekan eleizan bedeinkatu aurretik. Adar zuzeneko sahatsa arbolaren bat lehendik begia botata izaten zuen baserritarrak, haretxekin egiteko Erramu egunerako prestatu beharreko gurutzeok: atzamar baten besteko lodierakoak ahal dela, zuhaitzaren puja berriak izaten zuten estimazio handiena, azal bigunekoak eta horregatik zuritzen errazagoak zirenak. Barruko zuritasuna bistan, dotoreago beti! Metro bateko luzerara moztuta adarrak, abarka-ziriarekin, abarkak egiteko narrua mozteko punta zorrotzarekin, erdian zulo bat egiten zitzaien, trabesera beste adartxo bat sartu ahal izateko bestekoa. Barreneko punta zorroztu aizkora txiki batekin eta kito, gurutzea prest. 

Baserri bakoitzak aurretik zenbatuta izaten zituen etxeko soloak, honenbeste solo, honenbeste gurutze egin behar: 10, 15, 20… Denak amaitutakoan guztiokin piloa egin eta lotu egiten ziren sahats azalekin, gogor lotu ere. Amaitzeko jantzi egin behar zen gurutze multzo hori eta euron bitarteetan ereinotza eta erramu adarrak sartzen ziren, apaingarri legez eta ia gurutzeok estali arte.

Bedeinkazioa gero abadearen ardura izaten zen eta haiek sobriak, haiek gurutze-txortak elizara eramatearena etxeko gazteena. Bidean lagunekin batu eta erdi fiestan elkarri sobriaren zatiak kentzearena ere tradizioaren parte bihurtu zuten. Altara aurrea egur-kargokin dena beteta egoten zen eta Mallabian elizkizunari amaiera emateko prozesio txiki bat egiten zen: irten elizpera beheko atetik eta goikotik sartuta.

Pater Noster eta ur-bedeinkatu guztiokin, etxera bueltan ekarri behar izaten ziren harek txortak. Hantxe gordetzen ziren maiatzaren 3ra arte, udaberriko Santa Kurutz egunera arte, ze horixe izaten zen tradizioz soloetara kurutzeak partitzeko eguna. Probetxu gehien ematen zuen lur zatian, gari edo arto sail handiena ereingo zen soloan, hiru kurutze jartzen ziren, lurrok ondo babesteko. Kurutze bat etxe barruan lotzen zen eta solo eta landez gain, mendiko lur berrietara ere eramaten ziren bedeinkatutakook. 

Ermuan gehiengoa kaleko etxea izatean, ate buruetan eta aldabei lotuta ereinotza eta erramua jartzen zen. Badago oraindik balkoian urte guztian lotuta izan duen landara-txortatxoa zapatu honetan bertan kendu duena. Eta tradizioak agindu bezala erre ezinean, zakarretara bota duena, arbasoek legez zeharo sinistuta trumoi eta gaitz guztietatik babestu duela etxea eta bertan bizi direnak.