ITZULIA 2024

Trabakuatik helduko da Itzulia

Ander Gomez 2024ko api. 5a, 12:01

2023ko Itzulia Mallabitik pasatzen. Iturria: eitb.eus

Bihar, apirilak 6, 100 urte bete berri dituen Euskal Herriko Itzulia pasako da Mallabitik eta Ermutik, Eibar-Eibar etapa klasikoaren barruan. Trabakuara igo ostean, 16:20 inguruan pasako dira Mallabiko herrigunetik eta bospasei minutu eskasera helduko da Ermura.

Itzuliaren 63. edizioa jokatzen ari da Euskal Herrian apirilaren 2tik eta biharko etapa izango da azkena.

Eibar-Eibar ibilbideak berez "klasiko" titulua duen arren, iaz bezala, hirigunean bukatuko da, eta ez Arrateko helmuga klasikoan. Hala ere, bertatik pasako da, Krabelin mendateko igoeran. Azken hau, maldatsuena izan arren, ez da bakarra izango: Azurki, Gorla, Trabakua, Izua eta Urkaregi mendatei aurre egin beharko diete txirrindulariek, seigarren eta azken etapa gogor honetan. Jarraian etaparen profila:

Ibilbidearen hiru laurdenak betetzear helduko dira gurera: Itzuliaren estimazio ofizialen arabera, 16:11 aldera ekingo diote Trabakuaren igoerari —Markina aldetik— eta lau minutuan izango dira goian. Mallabiko herrigunera 16:22an iritsiko dira eta Ermutik 16:28an igaroko dira.
Dena den, beti bezala, aurretik gerturatzea gomendatzen diete ikusleei; berdin zuzeneko irratsaio edo telebistako emisioa jarraitzen dihardutenei, seinaleok izan ohi duten atzerapenagatik.

100 urte

1924an lehenengo aldiz jokatua, mendeurrena ospatzen du Euskal Herriko Itzuliak aurten.
Gran Premio Excelsior izenarekin sortu zen eta ez zuen Eibarko etapa klasikoa izan bertako txirrindulari elkarteak sortutako Eibarko Bizikletarekin bat egin zuen arte, 1969an. Bateratzeak ez zuen luze iraun, ordea: bost urte eskas; eta, ordutik, bananduta jarraitu zuten urte luzez. Bitartean, Eibarko Bizikletari Arrateko Igoera batu zitzaion, eta Euskal Bizikleta izena hartu zuen.
2009tik gaurdaino, itzuli bateratua dugu berriz ere Euskal Herrian.