Futbol, saskibaloi eta eskubaloi txapelketaz beteriko asteburua

Dorleta Vidal 2024ko mai. 31a, 12:15

Haurrak eskubaloira jokatzen, Belar modalitatean.

Bihartik hasita, haurrentzako kirol desberdinetako hiru txapelketa jokatuko dira Mallabian eta Ermuan: Mallabia Cup-a, futbol eta saskibaloi torneoak batzen dituena; Eskubaloiko Torneoa Belarretan, Ermuan egingo den lehena; eta Ander Moya memoriala, Ermua Blues CDk antolatutako hitzordu solidarioa.

Ermuko txapelketak bihar, ekainak 1, jokatuko dira; Mallabikoa, bihar hasi eta domekara arte luzatuko da:

Mallabia Cup

Mallabia FTk eta Udalak antolatuta, Mallabia Cup Txapelketa egingo da ekainaren 1ean eta 2an. Larunbatean, ekainak 1, Futbol Txiki txapelketa burutuko da 9:00etan hasita. Azkaldea pistan eta Eskolako frontoian jokatuko dira partidak, eta bost taldek parte hartuko dute: Mallabia FTk, Villa de Ermua Futbol Eskolak, Ermua CDk, Zaldibarko Zalduak eta Durangoko Nevers Ikastetxeak. Hurrengo egunean, igandean, saskibaloiaren txanda izango da. Txapelketa honetan lau taldek parte hartuko dute: Mallabia FTk, Ermua Saskibaloi Eskolak, Nevers Ikastetxeak eta Elorrio KTk. Partidak 9:00etan hasiko dira, eta Eskolako frontoian jokatuko dira.


Eskubaloiko I. Torneoa Belarretan

Anaitasuna Ikastolako guraso talde batek antolatuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako 37 talde arituko dira, benjamin, alebin eta haurren kategorietan banatuta. "Ez genuen espero hainbeste taldek izena ematea, baina oso pozik gaude", adierazi dute antolatzaileek. Partidak 9:30etik 14:30ak bitartean jokatuko dira, Betiondoko futbol zelaian (partiduren bat Ikastolako patioan eta Betiondoko kantxan izango da), eta txosna txiki bat, informazio puntua eta errifak egongo dira salgai. Antolatzaileen esanetan, helburua da umeek gozatzea eta eskubaloirako zaletasuna sustatzea.


Ander Moya III. memoriala

Hirugarren urtea izango da Ermua Bluesek Ander Moya jokalariari omenaldia egingo diola. Ekimen solidarioa Betiondon izango da eta Bizkaia osoko taldeak batuko ditu: Ermua CD, SD Eibar, Durango Cultural, Lakua CD, Ipar Arriaga, Iurreta kirol klub, Lemoako Harrobi FK, Mungia CD, SD Umore Ona, Baskauri FE, CD Galdakao, Bermeo Club eta Astrabudua FT. Sarreretatik eta errifetatik lortutako dirua Martin Álvarez Muelas fundaziora bideratuko da.