EGITARAU OSOA

Ekintzaz beterik dator asteburua

Drogetenitturri 2024ko eka. 7a, 12:15

Euskal dantzek, Urkorako igoerek eta mallabitarrek antolatutako jarduerek hartuko dute ekaineko bigarren asteburua: Txindurri Eguna, Javi Alberdiren I. Memorial Solidarioa eta Mallabitarrok Eginaren X. edizioa ospatuko dira, bakoitza bere egitarau zabalarekin.

Ekintza ugari egongo dira Mallabian eta Ermuan ekainaren 8ko eta 9ko asteburuan:

Txindurri Eguna

Ekainaren 8an, dantza-poteoa eta Ermuan Kantuan burutuko dira Euskal Birusa eta Gazte Asanbladaren eskutik (12:30etik aurrera, Patxi Plazatik hasita). 19:00etan, Javi Alberdiren omenezko agurra dantzatuko da (Artarrai Mendi Taldearekin elkarlanean) eta jarraian dantza erakustaldia egingo dute Txindurriko dantzariek. Haiekin batera, taldeko dantzari eta txistulari ohiak aritu dira. 20:00etan Fan&Go erromeria egongo da plazan, eta eguna bukatzeko, Larraindantza dantzatuko da 22:00etan.

Hurrengo egunean, ekainak 9, umeen kalejira egingo da 11:00etatik aurrera, eta 12:30ean dantza erakustaldia egingo dute taldeko gaztetxoek plazan. Bukatutakoan, bazkari herrikoiaz gozatzeko aukera egongo da Aritzmendi pilotalekuan (bazkarirako tiketak aurretik erosi beharko dira: 15 eurotan helduen menua eta 8 eurotan umeena). Bukatzeko, erromeria eskainiko du Kittu taldeak 17:00etan plazan.


Javi Alberdi memoriala

Artarrai Mendi Taldeak eta Hiru Txikiak Trail ekimenak ekitaldi solidarioa burutuko dute bihar, ekainaren 8an, larunbata: I. Javi Alberdi Memoriala "Urko 12 ordu non stop". Izan ere, 7:00etan hasi eta 19:00ak bitartean, nahi beste bider igo ahal izango da Urko mendira, ibilaldi bakoitzean 2 euroko gutxieneko ekarpena egin eta gero. Igoerak orduero abiatuko dira, eta taldean edo bakarka egin ahal izango dira.

Taldeen irteera orduak honakoak dira: Trail ekipoak 7:00etan; gazteen irteera 9:00etan, MUP (mugikortasun urriko pertsonak) 10:00etan, Monroe-koak 11:00etan, kirol taldeak 13:00etan eta merkatariak 15:00etan. Elkarteen bazkaria 15:00etan izango da, Aritzmendi pilotalekuan. Bi omenaldi programatuta daude: goizean, 10:30ean, Javi Alberdiren omenez landatutako zuhaitzean; eta arratsaldean, 19:00etan, Txindurrikoekin batera, plazan.


Mallabitarrok Egina

"Mallabia gorputz adierazpena ere bada" lemapean, jarduera ugari prestatu dituzte berbalagunek aurtengo Mallabitarrok Egina egunerako. Goizeko 10etatik hasita, familian yoga egiteko aukera egongo da, Irune Astarloak gidatuta. 10:45ean, Ez Esan! galdera-erantzun jokoaren finala egingo da parkeko aterpean eta, ostean, hamaiketakoa egingo dute partaide guztiek batera. 12:30ean, plaza-dantzak egongo dira Maribi Carrilloren eskutik eta, 13:00ean, poteo musikatuarekin behar bezala ospatuko dute mallabitarrek Mallabian mallabitarrentzat egindako ekintzaren X. edizio hau.

Izena emateko deitu 663 070 492 telefonora edo gerturatu Kultur Etxera.

Horrez gain, mendi irteera ere antolatu dute Berbalagunek iganderako. Ikusi hemen: MendiLagun irteera Txindokira.