Atzerrian praktikak egiteko 1.500 eurotik gorako bekak

Drogetenitturri 2024ko uzt. 17a, 12:30

Ostiral honetan, uztailaren 19an, amaituko da 2024ko Global Training beketan izena emateko epea. Beka horien bitartez, 30 urtez azpiko ermuarrek eta mallabitarrek 6-12 hilabete arteko praktikak egin ditzakete atzerrian, hilean 1.635 euro jasota.

Global Training programa Basque Trade &Investment-ek (Euskal Nazioartekotze Agentziak), SPRI-k (Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak) eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ekimena da, eta EAEko gazteen nazioarteko mugikortasuna sustatzea du helburu.

Horretarako, unibertsitateko eta goi-mailako heziketako titulazioa duten gazteei praktika profesionalak atzerrian egiteko aukera eskaintzen diete, 1.635 euroko beka emanez hilero. Parte hartzeko baldintzak nagusiak dira: praktikak sei hilabetetik gorakoak izatea, 30 urte baino gutxiago izatea, eta ingeles maila frogatzea: unibertsitate graduko titulazioen kasuan B2 mailako titulua eta goi-mailako lanbide heziketakoen kasuan, B1 maila izatea.

Edozein lan, munduko edozein txokotan

Praktikak askotariko herrialdetan egin daitezke: Italian, Portugalen, Belgikan, Frantzian, Costa Rican, Mexikon, Argentinan, Txilen, Suitzan, Guatemalan, Indian, Arabiar Emirerrietan eta bestelakoetan; eta profil akademiko askotarako praktika eskaintzak daude: komunikazioa, zientzia politikoak, DEA, psikologia, gizarte zientziak, nazioarteko harremanak, arkitektura, ingeniaritza, irakasletza, zuzenbidea eta biologia, besteak beste.

Apuntatzeko azkeneko eguna uztailaren 19a izango da. Izena emateko edo informazio gehiago eskuratzeko egin klik hemen.