TOURRA 2024

Odolkiak ordainetan, Pogi

Andoni Urbistondo 2024ko uzt. 10a, 21:00

Jonas Vingegaard-ek irabazi du etapa, esprintean Pogacar menderatuz, eta lasterketa irauli; atzetik aurrera etorri, Pogacar maldan gora harrapatu eta Tourreko garaipena lortzeko indartsu dagoela esan dio liderrari.

Erdialdeko Mendikateak epaia eman du! Jonas Vingegaard jarraian bere hirugarren Tourra irabazteko gertu da, eta erakustaldia eman du Le Liorango ailegaeran. Fisikoki Pogacar-en pare edo gehiago dela erakutsi du, atzetik aurrera esloveniarra harrapatu eta esprintean menderatuz, indartsuago iritsita. Muturreko handiena, baina, psikologikoa da, Vingegaard-ek mendian gora esloveniarra adina edo gehiago dabilela erakutsi duelako. Denboran antzera daude, segundo bat gutxiago Vingegaardentzat, baina lasterketa, burua, taktikak, sentsazioak... dena espaloiz aldatu da eta aginte makila Vingegaard-en eskuetara pasa da. Odolkiak ordainetan eman ditu etapa garaileak.

Muturreko handia hartu dute Pogacarrek eta UAEk. Hordagoa bota diote danimarkarrari eta 31 eskutik zeuzkan Vingegaard-ek. Maldan gora Pogacar adina edo gehiago dela erakutsi du, gaurko mendateak Pogacar-en ezaugarrientzako hobeak izanda ere: motxak baina pikoak. Pirinio eta Alpeetako mendate luzeetan hobeto moldatzen da Vingegaard, eta mendate handi haiek Pogacar-en hondamendi izan daitezke.

UAEk etapa hasieratik erakutsi ditu bere kartak. Zaintza zorrotza tropel buruan ihesaldi multzo handiegia sortu ez zedin. Sortu denean Politt eta Wellens polizia lanetan jarri dituzte. Bi minutu eman dizkiete gehienez ihes zihoazenei, Oier Lazkano tartean. Pas de Peyrol-en gora Sivakov eta Adam Yates-ekin estutu dute erritmoa, eta gainetik 600 metrora jo du Pogacarrek. Aisa egin du hanka, eta Galibierren bezala, 8-10 segundoko aldearekin pasa da gainetik. Beherakoan minutu erdira handitu du zuloa, Vingegaard jaitsieratan zuhurtzia handiaz ari baita. Roglicek ere harrapatu du, eta Pertus gainari egurrean ekin diete biek. Vismakoak, baina, Roglic atzeratu du azkar, eta pixkanaka segundoak jaten hasi zaio Pogacar-i. Gainetik kilometro batera harrapatu du, liderra begi aurrean ikusten ari zena sinetsi ezinik.

Elkarrekin egin dute bidea helmugaraino, eta Vingegaard-ek, bere burua nagusi ikusita, erasoa jotzeko tentazioren bat izan du, baina esprintera itxaron du eta bera baino askoz azkarragoa den aurkaria menderatu. Garaipenak ginga jarri dio danimarkarraren etapa puskari, eta liderrari sekulako buruko mina eragin. Putzu duda batean murgilduko da orain Pogacar, gaur zeukan aukera bikainari buelta eman ezinik, eta karta partidak Vingegaarden alderantz egin du nabarmen.

Podiumeko borrokan Remcok aurrerapausoa eman du, baina mendian gora Pogacar, Vingegaard eta Roglic baino apalxeago dabil. Roglic-ekin batera egin ditu azken kilometroak Pit Bull-ak, baina helmugatik kilometro terdira zegoen bihurgunean jausi egin da esloveniarra, eta urrezko minutu erdia galdu. Roglic-ek 1.08ko atzerapena du orain Remcorekiko. Asko geratzen da oraindik, ia dena, eta gaur dugun sailkapen nagusia erabat aldatuko da asteburua bukatuta.

Bihar 12. etapa, abentura zaleentzako aukera Pirinioen atarian.