Uztailaren 12tik 14ra bitarteko asteburuan ospatu da Ehunmilen asteburua eta ehunka mendizale gerturatu dira Beasain irteera eta Beasain helmuga dituzten hiru probetara. Tartean, 11 ermuar eta 2 mallabitar izan dira, top 10 bat lortuz Ehunmilak proban eta podiuma Marimurumendi maratoian.
Ehunmilak
Sei ermuar ausartu dira 171 kilometroko distantzia eta 10.500 metroko desnibel postiboa duen Ehunmilak Ultra-Traila egitera. Barikuan irten ziren Beasaindik, arratsaldeko 6etan, eta 48 ordu baino lehen plaza berera bueltatzea zuten helburu; Goierri, Tolosaldea, Urola Garaia, Urola Erdia eta Debagoiena eskualdeetako mendiak zeharkatu ostean.
Gorka Barraincua Garcia ermuarrak 9. postuan amaitzea lortu du, 26:23:24 denborarekin. Beste bi herrikidek ere helmugaratzea lortu dute: Jon Unanue Alberdi (121. postuan, 35:53:22) eta Iker Lopez Etxarri (144. postuan, 40:27:08).
Juan Carlos Gonzalez Dominguez Lizarrustiko 11. kontrol-punturaino ailegatu da (150. postuan zihoala, 22:57:02ko denbora eginda); Richard Medina Rojo Tolosako 7. puntura (263. postuan, 16:04:48); eta Enrique Zafra Cortés Elosuako 3. puntura (235. postuan, 5:14:04).
Goierriko 2 Haundiak
Mallabitar bat eta bi ermuar ibili dira Aralar eta Aizkorriko Parke Naturalen inguruan zehar GH2 traila egiten. 5.500 metroko desnibel positiboko 90 kilometroak egiteko 22 orduko epea zuten. Hauetxek ere, ostiralean ekin zioten martxari, baina gaueko 11etan.
Eneko Garitagoitia Aranburu mallabitarra izan da hemugaratu den bakarra, 19. postuan, 12:17:51 denboran.
Lasterketan zehar erretiratutako bi ermuarrak Richard Barreira Tome eta Miguel Ruido Delgado izan dira. Barreira Etxegarateko 5. kontrol-punturaino heldu da (242 postuan, 9:06:14) eta Ruido Larraitzeko 2. puntura (188. postuan, 2:29:15).
Marimurumendi
Maratoian ere, beste mallabitar batek eta beste bi ermuarrek hartu dute parte. Beasain inguruko mendietan, 2.300 metroko desnibelarekin 42 kilometro egiteko erronka izan dute egun bakarrean: Igandean atera ziren, goizeko zortzietan, eta 8 ordu zituzten ibilbidea egiteko.
Lorea Totorica Val mallabitarrak hirugarren postua egin du, 2:51:07ko denborarekin, eta garaikurra eta 100 euro izan ditu sari.
Beste bi partaideek sei orduan egin dute maratoia, 4 minutu eskaseko aldearekin helmugaratuta: Roberto Vega Carrasco (134. postua, 6:02:17) eta Jokin Mugerza Elustondo (140. postua, 6:06:15).