Alerta laranja tenperatura altu eta iraunkorrengatik

Ander Gomez 2024ko uzt. 29a, 06:16

Gaur eta bihar bitartean (uztailaren 29an eta 30ean) alerta laranja aktibatuko du Eusko Jaurlaritzak. Gaurko tenperatura minimoa 20 gradukoa izango da eta goizeko 8etatik aurrera 2-3 gradu igoko da orduero. Tenperatura altuenak arratsaldeko 15:00etatik 17:00etara emango dira:

  • Mallabian 37ºC-ko tenperatura maximoa dago iragarrita.
  • Ermua 38ºC-ra iritsiko dela estimatu da.

Segidan, Osasun Sailak zabaldu dituen gomendioen zerrenda:

  • Ondo hidratatu: Ura eta likidoak maiz edan.
  • Jan elikagai arinak: entsaladak, gazpatxoa, barazkiak eta frutak.
  • Jantzi arinak eta transpiragarriak erabili.
  • Saihestu kalera irtetea eta jarduera fisiko bizia egitea bero gehien egiten duen orduetan.
  • Ateratzen bazara, burua estalita eraman eta bilatu itzala.
  • Mantendu etxea fresko, jaitsi pertsianak eta itxi leihoak bero egiten duen orduetan.
  • Bero handia sentitzen baduzu, freskatu gorputza, aurpegia eta eskuak ur freskoarekin.
  • Botikak leku freskoan gorde.
  • Arreta berezia eskaini haurtxoei, adingabeei, adinekoei, haurdun dauden emakumeei eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonei.
  • Bisitatu adinekoak, batez ere bakarrik bizi badira.
  • Ez utzi inoiz pertsona edo animalia bat aparkatuta eta itxita dagoen ibilgailu batean, nahiz eta itzalpean egon.
  • Ordubete baino gehiago luzatzen diren eta beroarekin zerikusia duten sintomen aurrean, bilatu osasun-arreta eta egon leku fresko batean.
  • Norbait konorterik gabe badago eta oka egiten badu, burua zeharkatu eta aire-bideak libre eduki.
  • Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.