Irailaren 21ean, Hiru Txikiak trailaren III. edizioa burutuko da.
Aurten, 653 lagun apuntatu dira: 305 Trailean, 329 Martxan eta 19 Gazte Trailean. 335 ermuarrak dira, baina badira Euskal Herritik zein estatu osotik etorriko direnak ere: Alicante, Leon, Kantabria, Bartzelona, Caceres, Burgos, Tarragona, Las Palmas... Antolatzaileek emandako datuen arabera, inskribatutakoen %22,1a emakumeak dira eta %77,9a gizonak (iazko portzentajea mantendu da). Horiez gain, 100 ume ingururen partaidetza espero da Trail Txikian.
Dortsal banaketa, paella-jana eta irteera orduak
Dortsalak Merkatu Plazan banatuko dira: ostiral arratsaldean, 18:00-21:00 bitartean; eta larunbat goizean, 6:30-9:45 bitartean. Lobiano Elkarte Gastronomikoaren paella-janerako tiketa ere erosi ahalko da bertan, 5 euroan (korrikalariek paella txartela izango dute korrikalarien poltsan). Trail Txikiko dortsal banaketa San Pelaion egingo da, larunbat goizean, 10:00etatik 10:45era.
- 8:00 Martxa, Merkatu Plazatik.
- 9:00 Traila, Merkatu Plazatik.
- 10:15 Gazte Traileko partaideentzako autobusa, Agirre Kirolak parean.
- 11:00 Gazte Traila, Aixolako urtegitik.
- 11:00 Trail Txiki, Merkatu Plazatik.
Lehenengo lasterkarien helmugaratzea 12:30 inguruan estimatzen da eta 16:30an sari banaketa egingo da San Pelaion. Lasterketa bukatutzat emango da 18:00ak pasata eta Versionarios talde ermuarraren doinuek emango diote amaiera Hiru Txikiak trailaren aurtengo edizioari, San Pelaion.
Mendira igotzeko deia herritarrei
Aurten, partaideei baino, herritarrei zuzendutako mezua zabaldu nahi dute antolatzaileek, Urkora, Trabakuara edo Zengotitara igo daitezen mendizaleak animatzera: "Gu ere lasterkariak gara eta badakigu zer den ibilbidean barrena familia eta lagunak bertan aurkitu eta animatzen ikustea. Horixe bera nahi dugu bertako zein urrutitik etorritako mendizaleentzat, herritarren berotasun hori sentitzea gure mendietan".