Hiru txikiak traila jokatu zen asteburuan eta emaitza bikainak lortu zituzten ermuarrek, adierazlerik onena: Julen Olaizolak egin zuen aurtengo edizioko markarik onena (3:56:58); eta harekin batera helmugaratu zen —segundu eskasera— Victor del Águila entrenatzaile katalana. Hirugarren posturik onena ere Ermuan geratu zen, Julen Gastonen 4:03:03-ko markarekin.
Emakumezkoen artean, Lorena Guinaldo eibartarra izan zen lehena (4:51:07); eta Andikona Albizuri korrikalari berriztarra (5:04:53) eta Leire Olazabal debarra (5:05:16) izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
Beteranoen kategorian, azkarrenak izan ziren Ramon Carrasco ermuarra (4:29:53) gizonezkoetan eta Lorena Guinaldo bera emakumezkoetan. Ermuarren kategoriari dagokionez, Ainhoa Portugal izan zen bertako azkarrena (5:46:26), Julen Olaizola irabazlearekin batera. Mallabitar azkarrenak Eneko Garitagoitia (4:44:44) eta Lorea Totorica (5:26:41) izan ziren.
Gazteen trailean, Orduñako Harri Pasquier izan zen lehena, Julen Dobarro mendaroarrarekin batera helmuga gurutzatuz (1:08:48 biak), eta Xarles Araiztegi ermuarra heldu zen hirugarren (1:36:37). Nesketan, podiuma ermuarra izan zen: Garazi Marquez (2:02:31), Maialen Varela (2:06:24) eta Ane Olaya (2:10:03).
Antolatzaileen esker ona
"Oso pozik" agertu ziren antolatzaileak aurtengo parte-hartzearekin, batez ere jendearengandik jasotako babesagatik: "egun oso hunkigarria izan da, herri osoa alboan izan dugu laguntzen eta animatzen". Horrez gain, partaide eta lagunen arteko 1000 pertsona inguruko paella-janak eta San Pelaioko plaza bete zuen Versionarios taldearen kontzertuak aurtengo hitzordua borobildu zuten. "Denontzako egun itzela izatea eta ondo pasatzea zen helburu nagusia eta lortu dugu, kristoren giroa egon da".
Antolatzaile eta laguntzaileetako batzuk, traileko irteeraren ostean.