Azken urteetan moduan, bi modalitatetan parte hartzeko aukera izango da, Abentura edo Familia raidean. Lehena bikoteka osatu beharko da eta zazpi orduko muga izango dute parte-hartzaileek proba bukatzeko. Familia Raida, aldiz, bi eta bost pertsona arteko taldetan jokatuko dute (horietatik bat, gutxienez, adinez nagusikoa), eta proba bereziak osatu beharko dituzte bidean.
Abentura raida
Antolatzaileek argitu dituzte probaren nondik-norako batzuek. Proba nagusia, abentura proba deitzen diotena, trekking ikusgarri batekin hasiko dute Aittola, Xoxote eta Erlo inguruetan, 10:00etan. Ibilbide guztia osatzen duten bikoteek 19 kilometro (1400 metroko desnibel positiboa) egingo dituzte eta eskalada eta norabideetan oinarritutako orientazio proba bereziak ere gainditu beharko dituzte. Ondoren, mendiko bizikleta hartu eta Irukurutzeta eta Karakate inguruetan barrena ibiliko dira, bide gogor eta tarteka zailtasun tekniko handiko zatietan. 27,5 kilometroko ibilbidea (975 m+) osatuko dute BTTan. Bigarren btt ibilbide bat ere egongo da aukeran, trekkinga lasaitasun handiagoz egitea nahi dutenentzako edo mendiko bizikletan denbora gutxiago aritu nahi dutenentzako, apenas desnibel positiborik izango duena. Edozein kasutan, proba 17:00etan amaituko da.
Familia raida
Familia raida 11:00etan hasiko da Aittolako aparkalekutik, eta 13:30etan bukatuko da leku berean. Oinez edo korrika txikian, 8,5 kilometroko ibilbidean sakabanatuta dauden balizak jaso beharko dituzte paraje ikusgarrietan. Tasrteka proba berezietan hartuko dute parte, besteak beste, Memorian oinarritutako orientazioa, slackline-a, orga jokoa, eskalada eta norabideetan oinarritutako orientazioa, hain zuzen ere. Guztira 425m+-eko desnibela izango da, baina ez da nahitaezkoa ibilbide guztia osatzea, norberak bere indarren arabera moldatu ahal izango baitu ibilbidea.
Iazko raidaren irteera Elgoibarren: