Bizkaia goizeko 6etatik dago Alerta Laranjan eta horrela jarraituko du arratsaldeko 6ak arte:
Haizeguneetan hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 120 km/h-ko abiadura gaindituko dute, bereziki mendebaldeko mendi inguruetan eta arratsaldeko lehenengo orduetan, 130 km/h-ko abiadura gainditzera ailegatuz. Haizeguneak ez diren Bizkaiko lekuetan, hego/hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindituko dute, bereziki arratsaldeko lehenengo orduetan, 110 km/h-ko abiadura gaindituz.
Eguraldi iragarpena Ermuan eta Mallabian
Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, bai Ermuan, bai Mallabian: Zerua hodeitsu egongo da eta noizbehinka zaparradak botako ditu. Arratsalde-gauean euria egingo du. Hego-haizea bizi ibiliko da, bolada oso gogorrekin, batez ere eguerdian eta arratsaldeko lehen orduetan; arratsalde-gau partean mendebaldera aldatu eta baretu egingo da. Tenperatura nahikoa igoko da, 24ºC-ko maximoekin (minimoa goizeko 1:00ean erregistratu da: 13ºC).
Zabaldu dituzten gomendioen artean daude: Ateak eta leihoak ixtea, toldoak jasotzea, loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak kentzea, eta kalean ibiltzerakoan zuhaitz eta eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen azpitik kontu handiz pasatzea.
*AZKEN ORDUA
Kirol guneetako jarduerak bertan behera
Udaleko Kirol Sailetik jakinarazi dutenez, gaurko programatuta zeuden aire libreko kirol jarduera guztiak bertan behera geldituko dira, bai Betiondoko instalazioetakoak, bai Teodoro Zuazua futbol zelaikoak.