Liburuaren, Komikiaren eta Irakurketaren Zuzendaritza Nagusiak deituta, Liburutegien Eguna ospatuko da bihar, osteguna.
Aurtengo edizioa 'Etorkizun iraunkorraren alde' lemapean ospatzea erabaki dute, liburutegiek "kulturaren eta ezagutzaren alorreko 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak lortzen lagunduko dutelako" eta bestela ere egiten dituzten ekarpenen guztiengatik: "kalitatezko hezkuntza, genero-berdintasuna, erakunde demokratikoagoak sendotzea, egiazko informazioa zabaltzea, pobrezia murriztea eta ingurumena zaintzea".
Photocall-a, liburuen zozketa eta mahai-joko tailerra
Ermuko Udal Liburutegiak photocall-a eta atrezzoa ipiniko ditu Teresa Murgako instalazioetan, herritarrek posatu eta argazkiak atera ditzaten. Gainera, argazki horiek Liburutegiko WhatsApp-era bidaltzen dituztenek liburu-sorta baten zozketan hartuko dute parte.
Horrez gain, askotariko mahai-jokoak ikasi nahi dutenentzako "Mahai-joko, mahai-goxo" tailerra eskainiko da, Odisea elkartearen eskutik. Liburutegiko Gaztetxokoan egingo da, 17:30etatik 19:30etara. Izena emateko deitu 943 17 92 12 telefonora edo idatzi biblioteca@udalermua.net helbidera.
Gau Beltzarekin bat
Mallabiko Udal Liburutegiak istorio beldurgarrien munduan murgiltzera gonbidatu ditu herritarrak eta, horretarako, beldurrezko liburu eta filmen gomendio zerrenda prestatu du:
- Onin eta Arimen Gaua, Ibon Martín eta Emmanuel Montiel.
- Hildako baten txangoa, Antton Dueso.
- Todos Mis Monstruos: El Misterio del Tren Fantasma, Thomas Brezina eta Palo Tambuscio.
- Errementari, Paul Urkijo.
- Cementerio de Animales, Dennis Widmyer.
- Holly, Stephen King.