"Euskera, entra un idioma en casa" hitzaldia emango du Paula Kasares soziolinguistak

Drogetenitturri 2024ko aza. 18a, 12:34

Irudia: UEMA.

Euskal Birusa Elkarteak gurasoei zuzendutako hitzaldia antolatu du, Berbetan Jardunaldien baitan, euskararen inguruan gogoeta egiteko. Azaroaren 21ean egingo da (ostegun honetan), arratsaldeko 6etan, Lobiano Kulturgunean. Gazteleraz izango da eta ludoteka zerbitzua egongo da.

Nola motibatu semea/alaba euskaraz egin dezan?
Nola eman euskarari toki handiagoa etxean bikotekideak ez badaki?
Guk etxean euskaraz egiten dugu baina, garrantzitsua al da haurrak bere bizitzaren esparru guztietan euskara hurbil izatea?
Ez gara oso inguru euskaldunean bizi, nola indartu euskararen erabilera eta nola osatu eskolak egiten duen lana?

Agian kezka horiek eta antzekoak dituzte gurasoek buruan. Euskal Birusak hitzaldi bat antolatu du haurrak euskaldun hazi nahi dituzten familientzako (euskaraz dakitenentzat eta ez dakitenentzat, hitzaldia gazteleraz izango baita). Seme-alabei prozesu honetan laguntzeko tresnak erakutsiko dira, euskararen inguruan aktibo izatearen garrantziaz jardungo da, baita gurasoen ezinbesteko rolaz —ez hizkuntza bera irakasten, noski, baina bai motibazioa, erabilera eta ikaskuntza beharrezkoak bermatzen—, etxeko ikaskuntza eskolakoaren osagarri eta indartzaile izan daitekeela ulertuz.

Paula Kasares hizlari

Hizlaria Paula Kasares soziolinguista izango da eta hitzaldia, "saio magistrala" baino, solasaldi irekia izango da, gurasoen galderei eta kezkei erantzuna emateko pentsatua.

Paula Kasares Corrales (Iruñea, 1969) Soziolinguistikan doktorea, Euskal Filologian nahiz Gizarte eta Kultura Antropologian gradu eta graduondoko ikasketak egina da. 1994tik Nafarroako toki administrazioan euskara teknikari lanetan luze aritua. 2001etik 2003 bitartean Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria. Egun Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria. Soziolinguistika eta hizkuntza-antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da. Komunikazio eta hitzaldi anitz eman ditu biltzar-mintegietan, Euskal Herrian nahiz atzerrian, batik bat euskararen transmisioaren, elebitasun goiztiarraren eta haurren hizkuntza sozializazioaren gainean.