Bai Ermuan, bai Mallabian... Musikaren Eguna ospatzeko prest

Ander Gomez 2024ko aza. 22a, 13:06

Herenegun, Santa Zezilia egunaren bueltan Alboka Musika Eskolak prestatuta zeukan 'Musikalean' kalejira bertan behera geratu zen eguraldiagatik. Baina ikasleak —eskolaren atzeko aterpera izan bazen ere— kalera irten ziren eta ahalik eta fuerteen jo zuten bertatik, musika Ermuko azken txokora arte ere ailegatu zedin. Gaur, Albokak eta Txindurrik indarrak batuta, ikuskizun potoloa eskainiko dute Antzokian eta mallabitarren txanda izango da bihar. Argazki sortako irudiak: Alboka Musika Eskola.

Azaroaren 22an (gaur) ospatzen da Santa Zezilia, musikarien patroiaren eguna, eta Ermuko eta Mallabiko talde desberdinek musika eta dantza ikuskizun bereziak prestatu dituzte.

Gaur Ermuan

Alboka Musika Eskolak, Txindurri Txistu eta Dantza taldeak eta Pispillu Abesbatzak antolatuta, musika eta dantza ikuskizuna egongo da gaur, 20:30ean, Ermua Antzokian. Sarrerek 3 euroko kostua dute. Fisikoki eros daitezke jada Lobianon Kulturgunean, Kutxabank-en kutxazainetan eta emanaldia hasi aurretik Ermuko Antzokiko leihatilan. Bestela, sarean zuzenean erosteko aukera ere badago, hemen


Mallabian bihar

Kontzertu berezia eskainiko dute bihar Mendibil Abesbatzak, Trikitixa Eskolak eta Ozaetako Kataliturri Abesbatzak, 19:00etan hasita, elizan. Doakoa izango da eta emanaldia amaitutakoan musikarien patroiaz aparteko beste ospakizun batez disfrutatzeko aukera izango dute mallabitarrek, Gaztañerrez!