Langabetuen "berrorientatzea, aktibazioa eta rekolokazioa" Ermuan eta Mallabian

Ander Gomez 2024ko aza. 25a, 07:17

3R Tokiko Enplegua izeneko plana langabezian geratu diren ermuar eta mallabitarrei zuzenduta dago. Ermuko Udaleko Garapen Ekonomikoko Alorrak antolaturiko ekintza da eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailarekin batera kofinantzatua.

Abenduaren 1ean (datorren domekan) hasi eta 2025eko martxoaren 31n bukatuko da 3R Tokiko Enplegua programa. Bertan, lan-merkatura bueltatu nahi duten pertsonei banakako zein taldekako lan-orientazioa eskainiko zaie, non bakoitzaren profilarekin bat datozen lan-eskaintzak bilatzen ikasiko duten. Halaber, behin enpresetara aurkeztuta hautaketa prozesuen faseei aurre egiteko modu desberdinak irakatsiko zaizkie.

Programan parte hartu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira: Lanbiden langabetu bezala alta emanda egotea eta Bizkaian erroldatuta egotea. Interesatuek 943 17 91 51 telefonora deitu dezakete; bestela, bisitatu Ermuko Enplegu Zentroa (8:00etatik 15:00etara).