HARIAN elkarrizketak

Lurrari lotuak: baratzezaina eta artzaina

DKT-EK 2024ko aza. 30a, 08:00

Elgoibarko Mausitxa baserrian elkartu ditugu Mirian Arrizabalaga baratzezaina eta Iñaki Ansola artzaina lehen sektoreaz berba egiteko. Bere garaian, biek ala biek erabaki zuten baserriko jardunari segida ematea eta halaxe bizi dira orain, lurrari eta eguzkiari lotuak. Ikus bideo-laburpenak barruan. Testua: Egoitz Unamuno. Bideoa: Ander Gomez. Argazkia: Guretze Ariznabarreta. 

Udazkena da, neguaren ataria. Zein lanetan diharduzue garai honetan?

Mirian Arrizabalaga: Esango nuke kontrako bidean gaudela (barreak). Ni, berez, denboraldi gogorrena bukatzen. Udako landaketa denak garbituta, negukoak landatuta eta orain ongarri berdeekin hastekotan.

Iñaki Ansola: Gu, guztiz kontrara. Guretzat ikasturte hasiera modukoa da. Niretzat urteko garairik gogorrena da hau eta politena ere bai; ilusio garai bat. Hasten dira arkumeak jaiotzen eta ziklo dena jartzen da martxan. Ardiez gain badauzkagu behi batzuk ere eta laster hasiko gara barrura sartzen. Horrek lana gehitzen du.

Nola antolatzen duzue eguna?

M.A.: Azaroan gaude, eguna dezente moztu du eta lurrera joateko argitasuna behar dut. Negutegietan argirik ez jartzea erabaki genuen, bestela ere nahiko ordu baditugu-eta lanerako. Beraz, garaiotan pixkat berandutxoago mugitzen gara. Egunean banaketa egitea tokatzen bada, uzta biltzen aritzen naiz, eta eguraldiak uzten baldin badu, azkenengo ereinketak egiten.

I.A.: Orduan oporrak hartzeko moduan orain, ezta?

M.A.: Hiru egun hartu ditut, oraingoz. (Barreak)

I.A.: Ni egun batean jaikitzen naiz zazpiretan eta hurrengoan goizeko bostetan. Ez dut izaten ordutegi finkorik jaikitzeko eta ezta oheratzeko ere. Goizean jaio diren arkumeak organizatzen ditugu. Arkumeren bat goseak baldin badago, esnea eman... Errapeak zaindu eta jaten eman ardiei... Kanpora atera… Oherako ere ez daukagu ordurik. Atzo gaueko hamarretarako ohean nengoen, baina goizeko ordubietarako kortan ardiekin. Gogorra izaten da, baina niretzat ilusioz betetako garai bat da. Lan askokoa, baina dotorea.

Gainerakoan, nolakoa ari da izaten 2024. urtea?

M.A.: Baratzerako oso txarra! Otsailean hogei gradutan egon ginen hamabost bat egunetan eta aurreratu zen behar ez zena. Maiatza oso hotza izan zen. Gogoratzen naiz Itziarren bost graduko goizak izan genituela. Landaketekin asmatu ezinda ibili ginen. Uda ere antzera joan da: argitasun gutxi, euri asko, lurra goxatu ezinda, landareak sufritzen… Eta uzta eskasak. Gainera, kostan nabarmenagoa izan da, euri gehiago izan dugulako. Beste urteekin alderatuta, eskasagoa izan da. Ez bakarrik Euskal Herrian. Aurten justu Bretainiako baratzezain batzuekin ere harremana egin dut eta eurek ere nahiko urte eskasa izan dute. Orain negutegian ahalik eta gehien aprobetxatuko dugu espazioa, negua ahalik eta ondoen pasatu eta datorren urtea hobea izango den itxaropenarekin.

I.A.: Esaten dute feria txarrik ez dela izaten denentzako eta nik firmatuko nuke aurtengoa moduko urte bat (barreak). Aurten eguzki oso gutxi izan da eta eduki dugu belarra ikaragarri. Kanpoak oso-oso berde egon dira, baina belar hori oso biguna izan da eta ardiek eta behiek beherakoa izan dute askotan. Baina egon da bolumena. Alde horretatik begiratuta, guretzako ez da izan hain urte txarra. Iazkoa okerragoa izan zen. Udaberria oso lehorra izan zen, eta ez genuen izan janik. Aurten, soberan. Makala, baina soberan.

Igartzen da azkenengo urteetan klima aldaketa. Ikusten ditugu neguak askoz ere suabeagoak direla. Urtarrilean, hogei gradu eta arbolak loretan! Aurtengo uda ere oso atipikoa izan da. Badago zerbait atzetik. Animalietan ere igartzen da. Aztoramen puntu hori… Hor badago aldaketaren bat. 

Ofizioa beharko da horri aurre egiteko. Zuek non ikasi duzue ofizioa?

M.A.: Nik esango nuke ia dena etxean ikasi dudala, nahiz eta ez izan ekologikoan, lurrari lotutako ekoizpena egin izan delako etxean. Horrez gain, lurra hobeto zaintzeko formazio laburrak egin izan ditugu Biolur elkartearen bitartez, Fraisoron, baina oinarria etxean jaso dut.

I.A: Gu biok baserrian jaiotakoak gara eta ume-umetatik ikusi dugu gure aurrekoek zelan egiten zuten lan. Ondorioz, ohitura batzuk hartzen joan gara umetatik. Niri tokatu izan zait gurasoekin lan egitea eta ohitu naiz euren moduetara. Ez da erraza izaten aitari edo amari esatea 'hau horrela egin behar dugu'. Aldaketa hori nahiko konplikatua izaten da. Nahikoa diskusio izaten dira. Nik ere oro har etxean ikasi dut baina gero ikasketak egin nituen Fraisoron, hainbat ikastaro. Ondo etortzen da ikustea besteek zer egiten duten, gutxienez jakiteko zer ez den egin behar. Munduari ireki eta ikusi zer dagoen. Makinaria aldetik, informatika aldetik, eguneratu egin gara gu ere.

Zer egiten zaizue zailena?

M.A.: Lagun batek esaten zidan: “Ez dago landaketa zailik!”. “Zaila dena da denak batera egitea”, esan nion. Batzuetan frustrantea egiten da badakigulako nola egin eta ez garelako iristen egitera. Argi daukagu eguraldiak asko eragiten digula baina horren aurka egiterik ez daukagula. Lagatzen duenean, egin dezakegu, eta ez duenean lagatzen, ez.

Oso astuna egiten zaidana da burokrazia. Azkenengo urteetan asko hazi da eta horretan jartzea asko kostatzen zait. Nik erabaki dut nire lana izatea lurrari lotua eta alde txarrak onartzen ditut, baina gero inposatzen dizkigute kanpotik beste gauza pila bat bai edo bai ikasi behar ditugunak, eta ikusten duguna da beste ofizio batzuetan ez dituztela halako lan desberdinak egin beharrik. Esango nuke autonomo lan egiten dutenei lotuta dihoan zerbait dela.

I.A.: Nik okerren daroatena da nire eskuetatik kanpo gelditzen den hori. Adibidez, gaur hamabost egun, Gipuzkoan mingain urdin positibo bat antzeman zuten, eta orain, behartzen gaituzte ardi denak bakunatzera. Gure kasuan, pasa den astelehenean bakunatu genituen eta izan genituen hainbat aborto, hil zitzaigun ardi bat… Badakigu zein diren bakunaren ondorioak, baina ez dakigu gaitzak zer sortzen duen. Gaitza ez dugu ezagutzen. Horrelako beste hainbat gauza daude goitik agintzen dizkigutenak eta behartuta gaudenak betetzera. Beste adibide bat da Ticket Bai. Nire amak laga egin ditu lehen egiten zituen hainbat lan. Beste lan bat eta beste kostu bat gehiago. Horrek eskema denak apurtzen dizkigu.

Bestalde, aurreko urtean, oso gaizki ibili ginen txakurren gaiarekin. Gero eta txakur gehiago dago eta nik ondo ikusten dut, baina tentuz jokatu behar da. Iaz, ia berrogei ardi hil zizkigun txakur batek. Tarteka etortzen zen eta hiltzen zizkigun. Sekulako inpotentzia sentitzen dugu. Deitu Udaltzaingora, deitu ertzainei, jarri salaketa eta erantzuten digute ardiak hobeto zaintzeko.

Badakigu gure eguneroko lana zein den, baina kanpotik datozen lanek, burokratikoek, dela mingain urdinaren gaiak, txakurrenak... Horiek sortzen didate niri kezka handiena.

Eta alderantziz, zer da gehien estimatzen duzuena?

M.A.: Berez uzta jasotzeak izan beharko luke, baina normalean bilketa ez da nire lan gogokoena izaten, aurten uzta hobeak gustura bilduko nituzkeen arren. Egunerokoan lurrarekiko kontaktua meditazio moduko bat ere izan daiteke momentu batzuetan: mugikorra alde batera laga, landareak nola dauden begira jarri... Bakardade momentu horiek.

I.A.: Bai, gure ofizioan momentu asko pasatzen ditugu bakarrik. Niri animalia artean ibiltzea asko gustatzen zait eta horrek asko betetzen nau. Arkumeak jaiotzea… Azkenengo urteetan, zortez, nahiko ondo joan zaigu txapelketetan, eta jendeak zoriontzen gaituenean, pentsatzen dugu: “Zeozer ondo egiten dihardugu”. Eskerrak!

Ondo egiteari eta kalitateari begira, zer da zuek bereziki zaintzen duzuena?       

M.A.: Gure oinarria lurra zaintzea eta hobetzea da, eta gero, jatekoaren zaporea zaintzea eta jaten duguna garaikoa izatea. Haziak eta landareak lortzeko, berriz, gertuko sarea baliatzen dugu.

I.A.: Gu ez gara gai Gaztelako jendearekin bolumenean lehiatzeko eta, beraz, egin behar duguna da merkatuan bereiztu eta erosten duen horri erakutsi lurrari lotutako nekazaritza edo abeltzantza egiten dugula. Nire ustez, jende batek gero eta gehiago begiratzen dio erosten duen produktuari eta horrek ingurumenean duen eraginari.

M.A.: Nik ez dakit. Batzuetan iruditzen zait desinformazio handia dagoela, eta jendeak, amets batean bezala, uste duela edozein saltokitan topatzen dituen barazki freskoak oso kilometro gutxira ekoiztu direla, baina ez. Esango nuke jende askok ez duela pentsatu ere egiten, batez ere, barazkiei begira. Ez dute usaintzen elikagaien industria nondik nora doan.   

I.A.: Pentsatu behar dugu jaten dugunaren %15-25 bitartean ekoizten dugula hemen. Gainerakoa kanpotik dator. Eta etorri beharrean dago, bertan gero eta gutxiago sortzen dugulako.

M.A.: Hogeita bost esan duzu, baina ez dakit inork ongi kalkulatu duen, nik %4 ere entzun izan baitut.

I.A.: Jakina, ni ari nintzen haragi sektoreaz…

Zuek nola saltzen duzue? Zuzenean ala zeharkako bideak erabilita?

M.A.: Guk hiru bide ditugu. Bata, merkatua, Deban. Normalean, astean bitan joaten gara. Kontsumo taldeak ere baditugu, taldetxo bat Deban eta beste bat Eibarren, eta denda txikietan ere saltzen dugu. Herriko bi dendatan eta jatetxeren batean ere bai. Azoketara joateari utzi egin genion. Lehen igual bazen urteko uzta saltzeko leku bat, baina orain gehiago da eskaparatismoa eta guri lan handia eskatzen digu. Osteko juerga izaten da baloratuena.

I.A.: Bai, askotan feriak hala izaten dira. Jai baten parte izaten gara gu ere. Gure kasuan, azokak ematen digu aukera bezeroei produktua aurkezteko eta azaltzeko. Gainerakoan, guk saltzen dugu denda txikietan. Ehun puntutan saltzen dute gure gazta. Denda handiekin ere egiten dugu lan pixka bat, Eroskirekin eta BMrekin. %85 saltzen dugu Gipuzkoan eta Bizkaian eta Espainian ere saltzen dugu zeozer. Etxetik bertatik ere saltzen dugu zerbait eta gero feria konkretu batzuetan: Elgoibarren abuztuan, Idiazabalen eta Mendaron maiatzean… Gehien-gehien, dendetan, baina.

Gaztagintzan markek garrantzi berezia dute, ezta?

I.A.: Idiazabalen barruan ehun eta zazpi ekoizle gaude. Gehiengo handi bat izendapen horren barruan gaude. Hor bakoitzaren markak badu bere garrantzia. Guri azkenengo urteetan txapelketak izen ona eman digu, eta horregatik, jende batek Idiazabal gazta bilatzen du, baina beste jende batek bilatzen du Mausitxa. Horrek aukera bat ematen du merkatuan posizionatzeko. Orokorrean, nahiko ongi ari gara saltzen. Iaz Idiazabal sor-marka gaztarik gabe geratu zen eta aurten ere martxa berdinean doa.

Orain jatorri izendapenaren barruan daukagu Europatik datorren lege bat. Idiazabal gaztak izan behar du Gipuzkoa, Bizkaia, Araba edo Nafarroan egina, ardi latxaren esnearekin egina eta gutxienez izan behar du bi hilabeteko ontze prozesua. Orain, horrez gain, ardi horrek jaten duenak ere lurralde horretakoa izan behar du. Denok ez dugu berdin ikusten. Artzain batzuek jo dute ekoizpen intentsibora, bolumen handiagoa ekoiztera eta ardientzako erosten duten ia jateko dena kanpotik ekartzen dute. Dira ardi batzuk ia eguzkirik ikusten ez dutenak, urteko zatirik handiena ikuilu barruan ematen dutelako. Gureak urtean zortzi hilabetez kanpoko belar hutsarekin elikatzen dira. Orain, gehienezko kopuru batzuk ezarri nahi dituzte, eta eztabaida sortu da geure artean. Ez dakit zertan amaituko den.

Baratzegintza ekologikoaren arloan Amillubi proiektua nobedade garrantzitsua izan da.

M.A.: Amillubi Zestoako Iraetako erriberan dagoen baserri bat da. Lurrak erosteko aukera sortu zen eta iaz diru bilketa bat egin genuen lur horiek erosteko, batez ere, ikusten genuelako Biolurrek dituen bi helburuei erantzuten ziela: alde batetik, erreleboaren gaiari, lehen sektore osoan daukagun arazo handi bati, eta bestetik, lurra bilatzeari. Aliatu dezente lortu genituen eta bailarako udalen laguntzarekin bi pertsona jardun erdiz liberatzea lortu genuen. Orain, abenduaren 1ean, beteko da urtebete proiektua plazaratu genuela. Bide onean goaz. Oraindik ez daukagu lurrak erosteko diru dena bilduta, baina gehiena bai, eta lurra erabiltzen hasita gaude: udan baratzezainok porrua egin dugu, okinek garia egin nahi dute, babarruna ere landatu genuen, baina eguraldiagatik ez da ondo joan… Asmoa da zati batean proiektu finko bat garatzea, baina zehazteko dago eraikina eta lurrak nola erabiliko diren. Normalean lehen sektoretik albiste grisak datoz eta ikusi dugu proiektu honek ilusioa piztu duela. Baditu aukerak zabaltzeko eta ilusio horri helduta goaz aurrera.

Begia Debabarrenean jarrita, zelan ikusten duzue lehen sektorea bailaran?

I.A.: Ni hasi nintzenetik, uste dut joera beti izan dela negatiboa. Esango nuke gurasoen partetik jaso dugun mezua beti izan dela joan baserritik, ikasi edo hasi tailerrean lanean. Tendentzia horrek jarraitzen du gaurdaino. Sumatzen da jende gazte bat ekiteko ilusioz, baina hasierak oso zailak dira. Lurrarekin arazo handia dago, sekulako prezioa ezartzen diogulako. Elgoibarren ez da jenderik gelditzen lehen sektorean.

M.A.: Nik batzuetan esaten dut Iparraldera joatea mozkorraldi moduko bat dela, han laborari eta abeltzainek harro esaten dutelako beraien bizibidea zein den. Soldata ez da iristen funtzionario batenera, baina ez daude hain urrun gizarteko batezbestekotik. Beste egoera bat da.

I.A.: Nire ustez badago alde handi bat. Hemen gaztandegi bati eskatzen zaio Garcia Vaqueroren adinako azpiegiturak izatea. Ostera, joaten zara Iparraldera eta ikusten duzu artzai bat gazta egiten, txukun, txabolatxo batean eta gastu ekonomiko oso txiki batekin; berak saltzeko baimena dauka eta guk ez. Esan behar da baita ere gure aldean askoz ere gehiago saiatzen direla borrokatzen han. Gu beti banatzen gara, eta bakoitzak bere gerra egiten du. Frantziako estatuarekin konparatuta, esango nuke oso atzera gaudela.

Instituzioei zer eskatuko zeniekete?

I.A.: Entzutea eta gure iritzia kontuan izatea, iristen direlako hainbat gai  eta beti delako Europak agindu duela edo Ministerioak… Beti da goikoren batek agindu duela eta bai edo bai bete behar dugula; guk esaten dugunak ez du ezertarako balio.

M.A.: Nekazaritza ekologikoaren kasuan, existitzen garela kontuan hartzea. Oso eremu eta zenbaki txikiak maneiatzen ditugunez, ez gaituzte kontuan hartzen. Inbertsio handietarako tendentzia egon da eta zentralizatzekoa ere bai. Ez dute baserrien galera gelditu, joera egon delako pentsatzekoa zenbat eta gutxiago eta handiagoak egon, hobe zela. Berez, tendentziak kontrakoa izan beharko luke: izan behar gara asko, eremu txikiekin edo taldetan batuta. Bakardadea bilatua bada, ederra da, baina beste aukerarik ez daukazunean, ez da hain ona. Horregatik ari dira sortzen ekoizle eta herritarren arteko formulak.

Nola ikusten duzue jarraipena epe ertain edo luzera?

I.A.: Ni Diego Simeone modukoa naiz: partidaz partida. (Barreak)

M.A.: Aurtengo urtea oso gogorra egin zait, eta kanpoan ordu batzuk lan egiten hasi beharko nintzela pentsatzera ere iritsi naiz. Nekazaritza ekologikoan aitzindari izan zen Lapatza baserrikoak esan zidan: “Eutsi egin behar da!”.

Negutegi batzuk gehiago behar ditut. Gaur egun, azaleraren %10a da negutegia. Orokorrean gutxi da eta, aukera izanez gero, beste negutegi bat jarriko nuke, eguraldi txarra egiten duen egunetan ere lan egin ahal izateko.

I.A.: Nik orain daukadanari eustearekin nahikoa lan izango dut. Gurasoak adinean aurrera doaz eta euren eskulana egiteko jendea topatzea ikaragarri kostatzen da. Gero daude hurrengo belaunaldikoak; ia horiek zer egiten duten. Ni, etxe honetan, zortzigarren belaunaldikoa naiz eta azkena izateak ere pena emango lidake, itzelezko pena. Ni ez noa seme-alabei presiorik sartzera, baina ia eurek zer erabakitzen duten. Gainerakoan, lehengo horretan jarraitzea izango litzateke helburu printzipala.