Zabaldu ditu ateak Durangoko 59. Azokak

Drogetenitturri 2024ko abe. 6a, 13:42

Durangoko Azoka atzo, ikaslez beteta. Argazkia: Goiena.

Atzo zabaldu zituen ateak 59. Durangoko Azokak eta abenduaren 8ra bitartean, zabalik izango da egunero, goizeko 10:30etik 20:30era bitartean.

Domekara bitartean, 274 erakusmahai, 153 partaide eta 933 kultur nobedade egongo dira Landako gunean. Gainera, lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dituzte hiru egunotan. Literatura eta musika ekoizpenez gain, Landako gunetik harago eskaintza zabala prestatu du Gerediaga elkarteak beste hainbat gunetan: Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara eta Szenatokia guneak egongo dira. Egitarau osoa ikusgai dago Durangokoazoka.eus webgunean. 

Egunero, 10:30etik 20:00etara irekiko ditu ateak Landako guneak; igandean izan ezik: 18:00etan itxiko da azoka. 

Bisitariek "garraio publikoa erabiltzea" gomendatu du antolakuntzak, "eta autoz etortzen badira, jakin dezatela abenduaren 6tik 8ra autobus-zerbitzua ipiniko dela Iurretako autopista irteerako parkinetatik Landakora".

Hartzea ematea DA

Hartzea ematea DA leloa izango du aurtengo azokak eta Udatxo eta Balu artistek prestatu dute kartela (azpian ikusgai). 

Ikusentzunezko magazina egunero

Bestalde, Durangoko Azoka etxetik ere jarraitu ahal izango da. Izan ere, Azoka Telebistak Hartzea ematea DA izeneko magazinea ekoiztuko du egunero, eta hainbat kanaletan ikusi ahal izango da saioa: tokiko telebistetan, azokaren webgunean, youtuben eta ETBn, hain zuzen.