Igor Aldalur (Mankomunitatea): “Askok uste dute kontenedore horia plastikoentzako bakarrik dela eta ez da horrela”

DKT 2024ko abe. 10a, 10:15

Igor Aldalur Mankomunitateko Ingurumen teknikaria kanpainako kartela eskutan. Argazkia: Egoitz Unamuno.

Debabarreneko Mankomunitateak Birziklatu kanpaina informatiboa abiarazi du Ecoembesekin batera, debabarrendarrei ontzi arinen bilketaren gaineko argibideak helarazteko. Izan ere, bailarako bilketa datuak Gipuzkoako, EAEko eta estatuko bataz bestekoetatik behera daude.

Igor Aldalur Mankomunitateko Ingurumen teknikariaren esanetan, urtero aztertzen dituzte errefuxaren edukiontziak eta emaitzak “katastrofikoak” dira: “Errefuxaren edukiontzian topatzen ditugu beira, kartoia eta askotan, zabor poltsa handiak ontzi arinez beteta eta konturatu gara horietako asko direla garagardo latak eta tetrabrikak. Herritar askok uste dute edukiontzi horia ‘plastikoen kontenedorea’ bakarrik dela, ondorioz, ez ditu horira botatzen ez latak eta ez tetrabrikak”. Hain zuzen, horregatik erabaki dute herritarrei mezu “sinple” hau helaraztea: “latak, tetrabrikak eta plastikozko botilak horira”. 

Ontzi arinei dagokienez, eskualdeko datuak “oso kezkagarriak” direla adierazi Aldalurrek: “Debabarrenean biztanleko 19 kilo jasotzen ditugu urtean, eta datu hori Gipuzkoako (40 kg) zein Euskal Autonomia Erkidegoko (29 kg) bataz bestekoa baino baxuagoa da, baita Espainiar estatukoa (20 kg) baino baxuagoa ere”.

Zaborraren erdia Zubietako erraustegira

Datu orokorren arabera, urtean, 30.000 tona zabor sortzen dira Debabarreneko eskualdean, 425 kilo pertsonako, gutxi gorabehera. 30.000 tona horietatik 16.000 dira gaika jasotzen direnak, gainontzeko 14.000 tonak (%46), berriz, errefusa bezala biltzen dira. “Errefusa bezala jasotzen ari garen guztia Zubietako erraustegira doa. Hau da, edukiontzi grisera botatzen dugunaren %95 erre egiten da. Beraz, latak, papera, kartoia... denetik ari gara erretzen. Ondoko edukiontzira botaz gero, birziklatuko litzatekeen materiala erraustegira bideratzen ari gara, eta beraz, ingurumenari, sekulako kaltea egiten dihardugu”. 

2 Milioi euroko aurrezpena jokoan

Horrez gain, auzi ekonomikoa ere erdigunean jarri nahi izan du Aldalurrek. Izan ere, errefusean utzi beharrean, ontzi arinak, papera eta kartoia eta beira modu egokian birziklatuz gero, Debabarrenako Mankomunitateak 189,13 euro aurreztuko lituzke tonako, ia 2 milioi euro urtean. Aurrezpena herriz-herri banatuz gero, udal bakoitzak hurrengo kantitate hau aurreztuko luke: Eibarrek 804.119,52 euro, Ermuak 461.967,15 euro, Elgoibarrek 335.101 euro, Debak 159.636,000 euro, Mutrikuk 154.603,48 euro, Mendarok 58.020,19 euro, Soraluzek 114.226,34 euro eta Mallabiak 34.291,31 euro.

Zurrumurruen kaltea

Mankomunitateko teknikariaren arabera, guzti honek lotura estua dauka kalean, herritarren artean, zabaldutako zurrumurruekin: “Zurrumurruek kalte handia egiten diote gaikako bilketari. Sarritan entzuten dugu alferreko lana dela etxean zaborra banatzea, gero, leku berdinera badoa dena, edo etxeko sukaldea txikiegia dela gaikako banaketa egiteko. Zurrumurru hauen aurrean, zurrumurruak zurrumurru direla da guk adierazi nahi dugun mezua; gezur horiei jaramonik ez egiteko. Hondakin bakoitza bere lekura doa, eta ondo birziklatuz gero, materiala berreskuratu genezake”. 

Bestalde, Mankomunitatearen ustez, herritarrei erraztasun guztiak jartzen zaizkie eskura, berziklatu dezaten: “Gure herrietan, edukiontziak multzokatuta daude eta multzo gehienak ondo osatuta. Hau da, gaur egun, edukiontzi ezberdin guztiak elkarren ondoan daude, beraz, ez da horren zaila bakoitza dagokion lekura botatzea”. Ondorioz, ez birziklatzearen atzean bi arrazoi ikusten dituzte: “ezagutza” eta “interes falta”. Horren aurrean, etxeko hondakinak sailkatzea “ez dela zaila” helarazi nahi diete debabarrendarrei eta nola ez, edozeinen esku dagoela.   

Proiektu pilotua Mutrikun

Mutrikun, proiektu pilotua jarri zuten martxan maiatzean, gailu adimendunen bidez herritarren ontzi arinak sailkatzeko ohitura aztertzeko. Hala, puntuazio sistema baten bidez, puntu gehien eskuratzen dituen herritarrak Mutrikuko produktuez osatutako saskia irabaziko du. “Edukiontzi horiak bi aho ditu, eta bietako batean irakurle digital bat jarri dugu. Irakurle horrek latak, tetrabrikak eta plastikozko botilak identifikatzen ditu, eta hiru material horietako bat sartzen duen herritarrari puntuak ematen dizkio. Puntu horien arabera, hilabetearen amaieran sariak banatzen ditu udalak”. Proiektua hasiera fasean badago ere, poliki-poliki geroz eta mutrikuar gehiagorengana heldu da baina oraindik “denbora gehiago” behar du, ikusteko “funtzionatzen duen ala ez”.