116 lagunek dihardute aurten Berbalaguneko mintza taldeetan

Dorleta Vidal 2025ko urt. 9a, 12:37

2024-2025 ikasturteak datu onak ekarri dizkio Ermua-Mallabiko Berbalagun egitasmoari, bai talde kopuruari dagokionez bai antolatutako ekintza kopuruari erreparatuta ere. Arduradunek gogorarazi dute urtarrilean matrikula zabalik jarraituko duela. 

Urrian jarri zen martxan ikasturte honetako Berbalagun kanpaina, eta antolatzaileak pozik daude aurtengo datuekin. Guztira hamabost talde sortu dira, horietako hamalau Ermuan: bederatzi talde arruntak dira, hau da, astean behin leku publiko batean biltzen direnak euskaraz hitz egiteko (iaz baino talde bat gehiago), eta beste bost taldeak gurasoz osatutakoak dira: bana Ongarai Eskolan, San Lorenzo Eskolan, Eskolabarri Ikastetxean eta San Pelayon, eta azkena Ermua CD futbol taldearen barruan.

"Atal honetan nabarmentzekoa da San Pelayo Ikastetxean aspaldi ez zela Gurasolagun taldea sortzen, eta aurten talde handi bat sortu da, seguruenik bitan banatu beharko dena —azaldu du Berbalaguneko koordinatzailea den Juanmi Bravok—. Bestalde, aipatzekoa da ere Ermua CDn guraso talde batek euskara praktikatzeko konpromisoa hartu duela, seme-alabek futbol-partidak jokatu behar dituzten egunetan".

Kanpaina berezia Mallabian

Mallabian martxan jarraitzen du iaz zegoen taldeak, eta urtarrilean deialdi berezia egingo da goizez talde bat sortzeko, "badaudelako interesa adierazi duten hainbat lagun", azaldu du Bravok.
Ermuko eta Mallabiko taldeak batuta, 116 parte-hartzaile daude gaur egun Berbalagunen (106 Ermuan eta 10 Mallabian), eta horrek adierazten du egitasmoa “sendotu” egin dela herri bietan, esan du Bravok.
Taldeetan jarduteaz gain, Berbalaguneko kideek hainbat ekintzetan parte hartzeko aukera dute. "Ermuan egiten den ekintzarik kopurutsuena hileroko pintxo-lagun izaten da —esan du Bravok—, eta aurten Gaztainerrek ere sekulako arrakasta izan du". Urtarrilean zehaztu gabe dagoen tailerra burutuko da, eta berritasun bezala, otsaila aldera "Ermuko grafitiak ezagutzen" bisita gidatua egingo da Institutuarekin elkarlanean, Euskaltegiko eta Institutuko ikasleei zuzenduta. 
Mallabian, bestalde, ekintza kopurua bikoiztu egin da iaztik hona, eta "Mallabitarrok egina" saioez gain, joskintza tailerraren bigarren zatia egingo da aurten. Bestalde, martxan jarri den "Plazan dantzan" tailerrean zeuden 20 plazak bete direnez, eta itxaron zerrenda dagoenez, “urtarrilean beste talde bat jarriko da martxan seguruenik”, jakinarazi du Bravok. Era beran, "Ez esan!" galdera-erantzunen jokoak ere jarraipena izango du aurten. 
Berbalagun euskaraz hitz egiteko ohitura dutenak eta mintzapraktika egin nahi duten pertsonak biltzeko programa da.