Mallabia eta Ermua Gipuzkoaren parte izatera pasako dira hiru urteko epean

Drogetenitturri 2024ko abe. 28a, 07:34

Batzar Nagusietako osoko bilkura. Iturria: gipuzkoa.eus.

Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko aurreakordioaren onarpenarekin lehen urratsa eman da gaur egun udalerri bizkaitarrak diren Ermua eta Mallabia Gipuzkoa izatera pasatzeko. Lege, erakunde eta administrazio aldaketen prozesuak hiru urte iraungo dituela estimatu dute eta, tarte horretan, herri-galdeketak egingo dira.

*Oharra: Albiste hau Inuxenteen Egunerako eginiko umorezko artikulua da.

Proposamen honek lurralde historikoen mugak berrantolatzea bilatzen du, Mallabiko eta Ermuko udalerriak Debabarreneko eskualde gipuzkoarrean guztiz integratzeko, non jada lotura kultural eta ekonomiko sendoak dituzten. Hiru urteko epean burutzea aurreikusten dute, lurralde-aldaketak dakartzan prozesu juridiko eta administratiboak direla-eta.

1. Legegintza-erreforma
Eusko Legebiltzarrak lege espezifiko bat onartu beharko du, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren arteko lurralde-mugen aldaketa baimentzeko. Horrek Autonomia Estatutua erreformatzea ekarriko du, lurralde historikoen mugarteei dagokienez.

2. Herri-galdeketak
Ermuan eta Mallabian kontsultak egingo dira eta herritar bakoitzak botoa eman ahalko du lurralde-aldaketa onartuko lukeen edo ez adieraziz. Galdeketan bi aukerak emango dira:

  • ''BAI, ondo deritzot nire herria (Ermua/Mallabia) Gipuzkoara batzea".
  • "EZ, ez dut nahi nire herria (Ermua/Mallabia) Bizkaira batuta jarraitzea".

Kontsultak binkulanteak izango ez diren arren, azken erabakia legitimatzen lagunduko dute.

3. Erakundeen arteko akordioa
Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusien arteko adostasuna ezinbestekoa izango da. BIZ-GIP derbi deritzon fase honetan, bi aldundiek administrazio- eta zerga-eskumenen transferentzia koordinatu beharko dute. Hor sartuko dira azpiegiturak, gizarte-zerbitzuak eta zergen bilketa.

4. Administrazio-aldaketa
Aldaketa onartu ondoren, Ermua eta Mallabia Gipuzkoan integratzeko administrazio-prozesua hasiko da. Horrek barne hartuko du zerbitzu publikoen berrantolaketa eta udalerriak Gipuzkoako eskualde eta erakundeetara egokitzea. Mankomunitatetik eta Debegesatik zabaldutako komunikatu bateratuan azaldu dutenez, "ahalik eta lasterren hasiko gara lanean Ermuari eta Mallabiari orain arte emandako zerbitzu berberak eskaintzen jarraitzeko".


Gaur egun Gipuzkoa osatzen duten udalerriak, eskualdeka banatuta. Irudia: Unai Garcia.

Gipuzkoartze plana

Integrazioaren parte bezala, Ermuko eta Mallabiko herritarrak lurralde berrira egokitzeko Gipuzkoartze plana aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Proposatu dituzten ekintzen artean daude, besteak beste: Gipuzkoako historiari eta kulturari buruzko ikastaroak ematea, eta euskara "donostiarrago" bat edo "behintzat mendebaldeko gipuzkera" bultzatzea bertako euskaltegi eta eskolekin elkarlanean. Aisialdian ere, bertako taldeetara gerturatzeko ahalegina egingo dute, besteak beste, errealaren zalegoa sustatzeko kanpaina martxan jarriz: Reale Arenarako abonamendu bereziak eta balkoietan jartzeko banderolak banatuko dituzte, GFAko Kirol Saileko Gipuzkoa Kirolak-etik adierazi dutenez, "ermuarrek eta mallabitarrek ere txuri-urdin koloreak senti ditzaten".


Planaren aurkezpeneko PowerPoint-ean erabilitako irudietako bat, "biharko San Pelaio plaza 'ideala' irudikatuz".

Horrez gain, tokiko elkarte gastronomikoekin elkarlanean, Donostialdeko pintxo tradizionalak prestatzen ikasteko jardunaldiak ere antolatuko dira, Bizkaiko ohiko sukaldaritza atzean utziz, hala nola, bakailakoa bizkaitar erara edo legatza saltsa berdean. Helburua "ahalik eta denbora laburrenean ermuarrak eta mallabitarrak 'bihotzez gipuzkoar' sentitzea" dela adierazi dute.

Albiste guztiak momentuan jasotzeko Drogetenitturriren WhatsApp kanalera batu eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔