Debabarrenak Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria eskuratu du Fitur azokan

Egoitz Unamuno 2025ko urt. 26a, 08:06

Aurtengo sarituak Madrilgo Fitur Azokan, tartean, Alazne Txurruka Debako alkatea. Iturria: Debegesa.

Debegesak jakinarazi duenez, Debabarrenak Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarria jaso du Madrilgo Fitur turismo azokan. Garapen agentziaren esanetan, bereizgarria "urrats garrantzitsua" da Debabarrena "abangoardiako helmugen taldean" kokatzeko. 

Eguaztenean hasi eta domekara bitartean egin da Madrilen Fitur turismo azoka ezaguna eta oraingoan, Debabarrenak bere txokoa izan du Euskadiko standaren barruan, Euskal Kostaldearen atalean. Bestalde, urtero moduan, Debabarreneko ordezkaritza bat izan da Fiturren, ordezkari politiko eta teknikariek osatua: Alazne Txurruka, Debako alkatea; Leire Barriuso, Geoparkeko gerentea; Jasone Galdona, Debako turismo bulegoko arduraduna; eta Aitziber Cortazar, eskualdeko turismo arduraduna izan dira bertan.

"Abangoardiako helmugen taldean"

Aurtengoan, Debabarreneko ordezkaritza sari eta guzti itzuli da Madrildik, izan ere, Fiturrek Helmuga Turistiko Adimendun izendatu du Debabarrena. Izendapena azken urteotan Debegesak Debabarrena helmuga turistiko gisa sustatzeko lantzen diharduen prozesuaren baitan etorri da eta garapen agentziako arduradunen esanetan, "urrats garrantzitsua" da Debabarrena "abangoardiako helmugen taldean" kokatzeko. 

Lau urteko prozesua 

2021eko maiatzean, Debegesak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Espainiako Turismoko Estatu Idazkaritzarekin eta lau urteren ostean iritsi da izendapena. Honek, "97 eskakizunetan eta 261 adierazletan oinarrituta", ziurtatzen du Debabarrenak "gobernantzan, jasangarritasunean, irisgarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako etorkizuneko estrategia" duela ardatz bere jardun turistikoan. Horretarako, Segittur erakundeak (Espainiako Gobernuko Turismoko Estatu Idazkaritza), Debabarreneko eskualdeak betekizun bakoitzean duen "heldutasun-maila" baloratu du eta ekintza-plan bat proposatu, "turismo-helmuga adimendun bihurtzeko egin beharreko gomendioak" ematearekin batera. Izendapenak 2026ko abendura arteko balioa izango du.  

Debegesak nabarmendu duenez, izendapena eskuratzeko prozesuan Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren laguntza instituzionala eta ekonomikoa izan du, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, eta udalen eta eragile pribatuen inplikazioa ere bai. "Horiek lagundu dute hautagaitza ebaluatzeko beharrezko informazioa ematen".