Bihar irekiko dituzte 2025eko Hiru Txikiak trailerako inskripzioak

Ander Gomez 2025ko ots. 4a, 07:05

Bihar, otsailaren 5ean, Hiru Txikiak trailaren edizio berrirako izen-emateari ekingo diote, arratsaldeko 6etatik aurrera. Hiru modalitate desberdin daude aukeratzeko: martxa ez lehiakorra, gazteen traila eta proba nagusia, trail kronometratua. Bideoa: Iñaki Mayayo.

2025eko irailaren 20an burutuko da Hiru Txikiak Trailaren IV. edizioa. Bai martxak, bai lasterketak, 42 kilometroko distantzia izango dute, 2016 metroko desnibel positiboarekin. Gazteen trailak, aldiz, 12 kilometro eta 560 metroko desnibel positiboa izango du, Aixolako presatik hasi eta Ermuan amaituz. Ibilbideen %90a mendiko bidea izango da, beste %10a asfaltoa.

Inskripzio desberdinen kostuak eta epeak

Trailera apuntatzeak 40 euroko kostua izango du, martxan izena ematen dutenek 30 euro ordaindu beharko dituzte eta Gazte Trailekoek 15 euro. Bihar (otsailak 5, asteazkena) zabalduko dute guztietarako izen-ematea, 18:00etatik aurrera. Irailaren 17ra mugatu dute epea, baina seguraski zabaldu eta gutxira agortuko direla dortsalak, aurreko edizioetan gertatu den bezala. Azkar ibili beharko dute beraz Ermuko, Mallabiko zein urtero hitzordua gordeta duten eta lekutatik datozen korrikalariek, dortsala eskuratu nahi badute.

Kronoak.eus webgunean eman ahalko da izena, hemen.