Birritan igoko dute Trabakua aurtengo Itzulian

Ander Gomez 2025ko ots. 14a, 12:46

2025eko Itzuliaren ibilbidea aurkeztu zuten atzo Gasteizen eta, aurrekoetan bezala, azkeneko etapa Eibar-Eibar izango da, Mallabia eta Ermua aldetik pasatuz. Bideoan, 2024ko Itzuliko 6. etapako lasterketa burua, herrigune bietatik igarotzen. Irudiak: EITB.

2025ean ere, Itzuleraren amaiera biziko du Eibarraldeak: bai irteera, bai helmuga, Untzaga plazan izango dira. 153,6 kilometroko ibilbidean, 7 mendate egongo dira, horietako 3 lehenengo kategoriakoak: Azurki, Krabelin eta Izua. Aurtengo edizioan, etaparen hasieran egongo da Krabelin (46,6. kilometroan goia) eta, antolatzaileek adierazi bezala, "igoera izugarri latza izanik, urruneko eraso bat gerta liteke, txapela eskuratzeko". 2024ko edizioarekiko bi aldaketa nabarmen azpimarratu dituzte: Bata Gorlarako igoera kendu dela, "baina horren ordez Karabietakoa gehitu da, Bergaratik pasatzeko"; eta bestea Trabakuarako bi igoera egongo direla —lehenengoa etaparen 60. kilometroan hasi eta 68,7an amaituz; eta bigarrena 127. kilometroan hasi eta 135,4an gora ailegatuta—. Horrela, Trabakua izango da 2025eko Itzuliko azken mendatea: Bigarren igoera eginda beherantz joko dute txirrindulariek, Mallabitik eta Ermutik pasatuz, Eibarren helmugaratu arte.