Oizko hegazkin istripuaren dokumentala, 40. urteurrenean

Ander Gomez 2025ko ots. 14a, 06:01

'Lainoa Oiz gainean, 610 hegaldiaren tragedia' dokumental berriak hegazkin istripua jasotzen du ezbeharra gertutik bizi zuten pertsonen hitzetan, garaiko irudi eta audioez lagunduta. Elkarrizketatuen artean Rosario Zelaieta mallabitarra dago.

Albiste bukaeran dokumentala ikusteko lotura.

1985eko otsailaren 19an, Madril-Bilbo ibilbidea zeukan Iberiako hegazkin batek Oiz mendian zegoen Euskal Telebistaren antena jo eta maldan behera amildu zen. Hegazkinean zihoazen 148 lagunak hil ziren, 141 bidaiari eta tripulazioko 7 kideak.

Datorren astean 40 urte beteko dira ezbeharra gertatu zenetik eta bezperan (otsailaren 18an) dokumentala estreinatuko du ETBk. Hala ere, aurretik ikusi nahi duenak, sarean bistaratzeko aukera dauka atzotik, Primeran streaming plataforman. Doakoa da eta erregistratzea besterik ez du eskatzen.

Rosario Zelaietaren testigantza

Oizko tragedia gertutik bizi zuten profesionalak elkarrizketatzen dira dokumentalean (Gurutze Gorriko boluntarioak, poliziak, kazetariak, politikariak, forentseak...), baina baita inguruko bizilagunak ere. Haien artean dago Rosario Zelaieta Gallastegi (Mallabia, 1954).

Trabaku Goikokoak kontatzen du, besteak beste, nola enteratu ziren etxean ezbeharraz; gogoan geratu zaizkion aitaren berbak istripuaren gunera gerturatu ostean; txikituta geratu zen hegazkinaren zatiak eta gorpuzkinak lekualdatzeko garraioaren beharrean baserrietara laguntza eske etorri zirenekoa; eta nola entzun izan zituen, noizbehinka, istripua gertatu aurretik: "Oso baju doiez, egunen baten jo behar dabe Oizko puntie..." bezalakoak.

Lainoa Oiz gainean, 610 hegaldiaren tragedia dokumentala ikusteko egin klik hemen.