Entxufea atera dugunekoa

Estibalitz González 2025ko api. 29a, 07:05

Atzo kanpandorreko erlojuaren orratzak 12:33etan geratu ziren seko. Argi-indarra falta zitzaion, ze elektrizitate hutsez dabil. Etxeetan, lantegietan, dendetan, eskoletan, eraikin publikoetan… batera-batera argia joan egin zen. Piztuta bakarrik emergentziazko ipurtargiak geratu ziren. Gauza orokorra zela. Internetak kaput, telebista isilik eta irratiak piladunak bakarrik martxan. Telefono finkora ezin deitu, mugikorra soinurik ematen ez zuela. Erabat deskonektatu behar izan ginen. 

Sinistu ezinik elkarri pasatzen genion genekiena eta zeozer lodia gertatzen ari zela barruntatu genezaken. Lehen orduak kaotiko samarrak izan ziren: herritarrak igogailuetan preso eta etxera igo ezinik beste asko, garajeko atea zabaldu ezinik lantokira joaterik izan ez zutenak, trena geltokitik irtetzeaz batera, lehen errebuelta horretan geratuta bidaiariz beteta… 

Argazki ezohiko asko eskaini zizkigun egoerak: lantegietako beharginak, laneko arropekin geldi kanpoan, gasolindegian eta supermerkatuetako ateetan sarrera oztopatzeko txirlo batzuk jarrita, tren geltokia ilun eta jendea galdezka ia zerbitzurik dagoen, dendariak atean bezeroekin kontu kontari, zabaltzeko nahi beste argitasun zutenek fruta eta okela pisatzeko sistema tradizionalera jota, eskailera mekanikoak geldi, tabernetako terrazetan edari freskoak bakarrik, etxeetan atzo oporretatik itzuli zirenen hozkailuak hutsik eta izozkailuak frijitu eta berotu ezin diren jakiz beteta, telebistarik ez, internet mutu, irrati kableduna beste horrenbeste… 

Siesta eder baten ostean eta eguraldia lagun, kalera irten ginen, patxadatsu, prisa barik eta bizitza estresante hiperinformatu honi ordu batzuk oparitzeko asmoz. Azkenean, ilundu aurretxoan, hain justu 20:33etan Habemus Argium! 

Eta guzti honek dugun menpekotasun energetikoaz zer hausnartu eman digu (edo eman beharko liguke). Gure bizitza haritxo baten menpe dagoela esaten da, baina honek erakutsi digu kable baten morroi bizi garela. Entxufea ateratzeko alternatibak beti norberaren esku!

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zoketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM:: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK:: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.