Oinarrizko eta eskolarteko emakumezkoen futbola sustatzeko, ikusarazteko eta indartzeko proiektua da "Pasa Baloia, Neska". Bizkaiko Foru Aldundiak eta Federazioak jarri dute martxan, eta Kimet Sportek irakatsitako metodologia eta Athletic Clubaren esperientzia eta ezagutzak batzen dituen saioak eskaintzen dituzte. Ermua CDren aurtengo ate irekien jardunaldiak programa horren baitako entrenamendu saio egokitua eskainiko du, Athletic eta Kimet Sporteko profesional kualifikatuek gidatutako jolas dinamikoekin, lankidetza jokoekin eta bestelako kirol jarduerekin. Ermua CDko lehendakari Aitor Alvarezek azaldu duenez, "aukera paregabea izango da emakumezkoen futbolaren garapenean egiten ari garen lana gertutik ezagutzeko eta, aldi berean, beste familia, entrenatzaile eta jokalariekin batera arratsalde dibertigarri batez gozatzeko".
Ate irekien jardunaldia maiatzaren 6an (datorren asteartean) izango da, 17:00etan, Teodoro Zuazua futbol zelaian. Interesa dutenek formularioa beteta eman dezakete izena. Bestela ere, deialdi hau ingurukoekin partekatzeko eskatu dute klubetik, "ahalik eta neskato gehien animatzeko eta bertako emakumezkoen futbolak aurrera egin dezan".
"Pasa Baloia, Neska" ekimenaren inaugurazioko saioa, San Mamesen.