Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako irakaslegoaren %90a ordezkatzen duten STEILAS, ELA, LAB eta CCOO sindikatuek azaldu dutenez, maiatzerako grebak apirilaren 10ean iragarri zituzten arren, ez dute Hezkuntza Sailarekin biltzeko inongo deialdirik jaso. Horregatik eta Eusko Jaurlaritzak irakasleen lan-akordioa 15 urte berritu gabe daramatzala arrazoituta, maiatzaren 12an hasi eta 16ra arteko greba deialdia erregistratu zuten atzo.
Hezkuntza Sailari eskatzen diote neurri zehatzak adostea "gero eta handiagoak diren lan-zamak" arintzeko, erretiroa hartzeko baldintzak hobetu eta plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, eta "jaiotza-tasa aitzaki hartuta" aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegu publikoa bermatu eta lanpostuak egonkortzea. Era berean, hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, lan-osasuna zaintzea, kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabide pertsonalak eta formakuntzak ezartzea, eta "azken urteetan inposatutako atzerapausoak kentzea" eskatu dute.
Kaleak hartzeko deia
Irakasleen greba egunei, familiekin eta ikasleekin batera antolatutako mobilizazioak gehitu zaizkie: Maiatzaren 10ean, zapatu honetan, EAEko hiriburuetan elkartu eta manifestatzeko deia egin dute. Donostiakoa 17:00etan izango da, eta Bilbokoa eta Gasteizkoa 18:00etan.