Zer dela-eta joan zinen Alemaniara?
2007an Gradu Amaierako Lana Munichen egin nuen eta, bertan nengoela, pare bat aldiz Berlinera etorri nintzen bisitan. Berlin beti gustatu izan zait, hiri berezia iruditzen zait. Gehiago ezagutzeko gogoarekin geratzen nintzen beti: nahiz eta bospasei egun joan bisitan, laburra egiten zitzaidan! Horregatik, 2010ean lagun batek eta nik erabaki genuen hona etortzea alemana ikastera. Ezer gabe etorri ginen, ez etxerik, ez lanik, ezer ez! Aleman pixka bat bagenekien eta tabernetan ibili ginen lanean. Hilabete batzuk geratu behar ginen, baina pare bat urte igaro ostean, Espainia ere krisian egonda, jende guztiak esan zidan hemen geratzeko, eta 15 urte igaro dira.
Zertan egiten duzu lan?
Hasieran, tabernen eta gastronomiaren inguruan egin nuen lan, hizkuntza eskolan alemana ikasten nuen bitartean. Gerora, industria arlora igaro nintzen eta orain produktuen diseinuan nabil.
Zer moduz moldatzen zara gaur egun alemanarekin?
Hasieratik argi nuen alemanez ikasi beharko nuela komunikatu nahi banuen: Euskal Herrian euskaraz eta Alemanian alemanez. Hizkuntza bat ikastea kultura bat ikastea da, pentsaera bat, bizitza ikusteko beste ikuspuntu bat, beste umore bat… Aberasgarria da beti. Gaur egun ez dut ama hizkuntza izango balitz bezala hitz egiten, baina defendatzen naiz. Behar dudanean jendea bere lekuan jartzeko adina badakit! Badaude hitz batzuk guk erabiltzen ez ditugunak, adibidez: doch, esanahi asko dituena. Lagunei esaten diet alemanez asmatu zela eztabaidatzea asko gustatzen zaielako.
Zer egiten duzu lanetik kanpo?
Oso desberdina da turismoan etortzea edo hemen bizitzea, beste hiri askotan pasatzen den bezala. Ni ez naiz ia hirigunera joaten, bisitak datozenean bakarrik. Bizitza auzoan egiten dut: lagunekin geratu, parkera joan, zerbait hartu, kirola egin… Berlingo jende gehienak ez dauka bikotekiderik, eta ez dira familia asko ikusten, aisia ez doa familia ingurura bideratuta.
Badago zerbait oso desberdina dena?
Bai, gauza asko. Alemanak oso hotzak dira, eta denborarekin konturatzen zara zein garrantzitsua den egunerokotasunean jendearen berotasuna sentitzea. Euskal Herrian jendea laguntzeko prest egoten da eta hemen ez dut hori ikusten. Berotasun horrek bizitza erraztu egiten du. Asko botatzen dut faltan. Gainera, uste dut Euskal Herrian jendea pozago bizi dela, nahiz eta horrenbeste diru ez izan. Hemen jendeak diru gehiago dauka, baina gehiago kexatzen da, ez ditu gauzak asko baloratzen. Bestalde, asko eskertzen dut adibidez garraio publikoan isiltasuna errespetatzea. Gustatzen zait goizetan, metroa beteta egon arren, isiltasuna egotea. Konturatu naiz ere oso altu egiten dugula berba: etxera joatean konturatzen naiz tabernek musika altu dutela eta guk ere altu hitz egiten dugula. Batzuetan saturatu egiten naiz eta kanpora irten behar naiz: tolerantzia handia diogu zaratari! Etxera bueltatuko banintz, faltan botatuko nuke isiltasuna. Asko gustatzen zaidan beste gauza bat da bizikletan erraz mugitu ahal izatea, bizi-kalitatea da.
Zer aldatu da hirian zu bertara joan zinenetik?
Oso hiri txiroa zen eta 2010era arte, oraindik errekuperatzen ari zen. 2015etik aurrera hiria aberasten joan zen, eta era berean, bere xarma galtzen. Urte horretan start-up hub bat egin zen, hau da, ekintzaileentzako eta enpresa berrientzako zentro bat. Start-upek ez zuten asko ordaintzen eta gazte asko hona bizitzera etorri ziren, baina arrakastaren ondorioz hiltzen ari da: estatubatuar asko etorri dira eta alokairuen mundua, Espainian gertatzen den bezala, aldatu dute, eraikin asko erosiz. Alokairuen inguruko lege bat zegoen, baina pandemia ostean alokairuak % 300 igo dira. Lehen hiri oso merkea zen eta diru gutxirekin bizi-kalitate ona zegoen, baina orain ez. Asko garestitu da dena, eta ekonomikoki, Alemania ez dago lehen zegoen toki berean. Lehen artista asko etortzen ziren, merkea zelako; gaur egun joan egin dira: artista aberatsa ez bazara ezin zara jada hemen bizi! Bestalde, Euskal Herrira bueltatuko banintz, asko eskertuko nuke osasun sistema ere: hemengoa erdi pribatua da eta ez litzaidake gustatuko hemen zahartzea. Etxean ditugun medikuek era erizainek urrea balio dute, eta eskertu behar dugu.
Zein da bertako janari tipikoa?
Currywursta: saltxitxa bat ketchuparekin eta curryrekin. Bulettena ere oso ohikoa da: haragi-bola siku baina oso goxoa, hori da gehien gustatzen zaidana. Badago ere kartoffelpufferra, patata zapaldu bat albondiga formarekin, nahiko goxoa egoten dena. Ez da munduko beste ezer: Euskal Herritik gatozenontzat hemengo janaria ez da bereziki ona. Niri ez zait janari alemana asko gustatzen, baina munduko beste tokietako jatetxe asko dago, eta asiarrak ditut gustuko. Bitxia da ere, guk ezagutzen ditugun kebabak turkiar batek asmatu zituela Berlinen.
Faltan botatzen duzu Ermua? Itzultzeko gogorik?
Bai, Ermua, Euskal Herria, familia, lagunak, janaria, mendia eta itsasoa botatzen ditut faltan. Baita jendearen izaera ere, oso desberdinak baikara. Etxera joatean eskertzen dut jendearekin kontaktuak erraz egin ahal izatea, edonon, hemen askoz ere zailagoa baita. Muxu bat Ermuko eta Mallabiko jendeari!