Bizkaiko Erromeria Eguna jaio da

Ander Gomez 2025ko uzt. 8a, 07:17

Atzo, astelehena, Foru Aldundiko eta Danok Pro taldeko ordezkariek Bizkaiko Erromeria Eguna aurkeztu zuten Durangon. Bertan izango da lehen edizioa, uda ostean. Irudiak: BFA.

Bizkaiak jai berria du: Erromeria Eguna, Bizkaiko erromeriaren formatu guztiak ospatzeko eta ezagutarazteko sortutako festa. Egun osoko jaialdia izango da eta kalera eraman nahi ditu euskal musika, dantza eta herri-giroa. Atzo egindako aurkezpenean Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak adierazi bezala, "gure kulturan oinarritutako jaia izango da, gure sustraietaz ikasteko aukera emango diguna".


Aurkezpenaren ostean egindako dantza, buruhandiekin batera.

Lehen edizioa urriaren 4an ospatuko da, Durangon. Egunean zehar, ekintza desberdin pila egongo dira: hitzaldi dantzatuak, tailerrak, erakustaldiak, jantzi tradizionalen ikastaroak, erromeriaren historia eta eboluzioa ezagutzeko saioak... jai soilean geratu ez, eta formazio eta hausnarketarako gunea ere bihurtuz. Gauean, gaur egungo erromeria formatuen txanda izango da: hainbat talde bizkaitar igoko dira Plateruenako taula gainera, rock eta elektronika doinuz bustitako erromeriak plazaratuz. Antolatzaileen esanetan, jai berri honen helburua da "euskal kulturaren erakusleiho bihurtzea eta belaunaldien arteko topagunea izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.