“Genoziodioa STOP! ¡Ruptura con Israel ya!” lemapean Gazako sarraskia salatzeko lapiko-protesta egiteko deia egin du Gernika-Palestina Herri Ekimenak. Euskal Herri mailara zabaldu dute deialdia eta burrunban parte hartuko duten herri guztiei ordu berean biltzeko gonbitea egin diete, arratsaldeko 7etan hain zuzen. Mallabian udaletxe parea izango da bilgunea eta Ermuaren kasuan plaza nagusia. Lapikokadara gerturatzen direnei zarata egiteko erabiliko dituzten tresnak ekartzea eskatzen zaie ere.
Deialdiarekin batera egindako adierazpenean plataformatik zera adierazi dute: “Gernikako bonbardaketaren herria gara, eta lehen eskutik ezagutzen ditugu suntsipenaren ondorioak. ´Gernika berririk ez´ oihukatzeko beharra dugu, beraz, euskal herritarrok ezin dugu holakorik onartu!
Sarraski horren aurrean ezin dugu isilik egon, ezin besoak gurutzaturik geratu. Beste ezeren gainetik, gaur eta hemen premiazkoa da ondorio latzak izaten ari den eskalada belikoa gelditzea, bakea, justizia eta itxaropenezko etorkizuna eskaintzea”.
Mallabia eta Ermuko hainbat kolektibok bat egin dute deialdiarekin eta kaleratu duten prentsa-oharrean herritarrak animatzen dituzte lapiko eta txilibituekin kalera ateratzeko "gure gobernuei exijitzeko, genozidio honen erantzuleak presio-neurriak har ditzatela behingoz, zigorrak ezarriz eta Israelekin mota guztietako harremanak hautsiz".
