Euskal Herriko 100 herritik gora batu ziren pasa den ostiral arratsaldean Gernika-Palestina herri ekimenak deitutako protestara. Haien artean izan ziren Mallabia, non 50 lagunetik gora elkartu ziren, eta Ermua, 200 bizilagun batuz plazan.
Antolatzaileek, nazioarteko komunitatearen pasibotasuna hausteko deia egin zuten: "Ezinbestekoa da zigorrak ezartzea, Israelekin harreman ekonomiko eta militarrak etetea, eta kulturaren zein kirolaren bitartez Israelgo estatu genozida normalizatzen ez jarraitzea", pasa den astean Espainiako Itzulian herritarrek emandako erantzunaren garrantzia azpimarratuz.
Bilera irekia asteazkenean
Ermua Palestinarekin Ekimenak bilera irekia deitu du irailaren 10erako eta Palestinarekiko elkartasuna Ermuan nolabait antolatzeko prest dauden pertsona guztiak gonbidatu ditu bertara. Bilera 19:00etan izango da, Eskilarapeko Ateneoan.