Hiru Txikiak Trailean etxekoak garaile

Ander Gomez 2025ko ira. 22a, 07:00

Laugarren edizio honetara batu den partaide bakoitzak bere helburuak zituen: batzuk iazko denbora hobetzea, beste batzuk lehen aldiz proba egitea edo amaitzea lortzea, eta beste askok, besterik gabe, inguruko paraje ederrez gozatzea. Modu batera edo bestera, ziur guztiek irabazi dutela zerbait Hiru Txikiak Trailaren esperientzian. Hala ere, lasterketa guztietan bezala sailkapenak daude eta kategoria nagusietako irabazleak ermuarrak izan dira: Julen Olaizola eta Sonia Lopez. Barruan, kategoria bakoitzeko podiumak eta egindako denborak. Bideoa: Hiru Txikiak.

Irailaren 20an jokatu zen Ermuko Hiru Txikiak Traila eta, aurten ere, Julen Olaizola Izagirre ermuarrak lortu zuen markarik onena egitea (3:52:00), traila lau ordu azpitik egin zuen lasterkari bakarra izanik. 2024ko markarekin alderatuta, ia bost minutu arinago helmugaratu zen: iaz 3:56:58ko denboran egin zuen, Victor del Águila entrenatzaile katalanarekin batera gurutzatuz. Aurten, hamar minututik gora atera dizkio hurrengo korrikalariari: Bigarren ailegatu zen Pablo Doña Girón malagarra (4:04:40). Hirugarren posturik onena, berriz, Eibarrera eraman du Juan Zubiaurre Atxak (4:10:33).

Emakumezkoen artean ere, emaitza bikainak izan dira. Bik amaitu dute top 10ean: Sonia Lopez Bañuelos ermuarra zazpigarren lasterkari azkarrena izan da, emakumezkoen urrea lortuz (4:34:30); eta jarraian ailegatu zen Izaskun Olleta Sanchez iruñearra (4:37:18). Bestalde, hirugarren postua errepikatu du aurten ere Leire Olazabal debarrak (4:59:26).

Beteranoen kategorian, azkarrenak izan ziren Sonia Lopez bera emakumezkoetan eta, iaz bezala, Ramon Carrasco ermuarra (4:43:17) gizonezkoetan. Ermuarren kategoriari dagokionez misteriorik ez, kategoria nagusietako irabazleak izan ziren bertako korrikalari onenak: Julen Olaizola eta Sonia Lopez. Mallabitar azkarrenak Lorea Totorica Val (5:33:50) eta Asier Arellano Elorza (6:58:06) izan dira.

Gazteen trailean, Laudioko Xabier Arranz Moscoso izan zen lehena (1:12:07) eta Elantxobeko Koldo Basterretxea Arego bigarren (1:14:51). Hirugarren postua Ermuan geratu zen, Beñat Bouzo Garciaren markarekin (1:21:36). Nesketan, Bilbotik etorritako Irati Guerra Moralek egin zuen lehen postua (1:36:05), bigarren geratu zen Garazi Marquez Cascan ermuarra —iazko irabazlea 2:02:31 denborarekin eta aurten bi orduko langa gainditzea lortu duena (1:55:59)—, eta hirugarren Ane Añel Cid ermuarra (1:59:33).


Sailkapen osoa ikusteko egin klik hemen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.