Auto klasikoak are distiratsuago agertu ziren asfalto bustiaren gainean

Ander Gomez 2025ko ira. 27a, 08:08

Pasa den igandean, VIII. Auto Klasikoen Topaketa ospatu zen Ermuan. Plaza bustita esnatu zen arren, euriak tregoa eman zuen, eta egunak aurrera egin ahala gero eta jende gehiago gerturatu zen, auto klasikoen xarmak erakarrita. Albiste barruan irabazleak eta epaileen balorazioa. Argazkiak: ErmuClassic.

Irailaren 21ean, goizean goiz, auto zaharrez bete zen plaza, Ermuko Auto Klasikoen Topaketan izena emateko prest. Hogeita hamar urtetik gorako 70 auto inskribatu ziren eta, behin izen-ematea itxita, bolantean jarri eta ibilaldia egin zuten inguruko errepideetan. Trabakua Behekoa jatetxean ohiko geldiunetxoa egin zuten eta, bertan ongi etorri luntxa janda, Ermuko plazara bueltatu ziren. Orduan gerturatu ziren zale eta herritar kurioso gehienak, automobilismoaren altxor horiek ikustera eta bere jabeekin berba egitera. Bukatzeko, ErmuClassic elkarteko kideek sari banaketa egin zuten.

Auto zaharrenari, berezienari eta talde ugarienari saria

Auto zaharrenaren saria 1972. urteko Toyotak jaso zuen; epaimahaiaren hitzetan, "automobilismoaren historian erresistentzia eta zaintzaren adibidea" delako. Kotxe berezienaren saria Mitsubishi 3000 bati eman zioten, "bitxi" bezala kalifikatuz eta bere "aparteko dotorezia" nabarmenduz. Bukatzeko, talde klasiko ugarienaren errekonozimendua Red Dragons arrasatearrek jaso zuen; antolatzaileen esanetan, "merezitako saria": "kide dezente bertaratzeaz gain, giro paregabea sortu baitzuten".

"Edizio ahaztezina"

Antolatzaileen ustetan, sortu zen jai-giroak, modelo aniztasunak eta bertaratutakoen aldarteak "ahaztezin" egin zuten VIII. edizio hau. Ermua "aire libreko benetako museoa" bihurtu zela diote, eta harro azaldu dira, "gurpildun altxorrak diren kotxe hauek miresteko aukera izateaz gain, motor klasikoaren pasio partekatua indartzeko hitzordu paregabea" izan zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.