Gripearen kontrako txertoak jartzen hasiko dira gaur

Ander Gomez 2025ko urr. 6a, 07:09

Gaur, urriaren 6an, gripearen kontrako lehen txertoak jarriko dituzte Ermuko Osasun Zentroan eta gogorarazi dute oraingoz arrisku-taldeetako herritarrek bakarrik eska dezaketela hitzordua.

Osakidetzak gripearen kontrako kanpaina hasi du "Zu funtsezko pieza zara gripea saihesteko" lemapean. Ermuan, gaurtik aurrera jarri ahalko dute txertoa arrisku-taldeetako pertsonek: 60 urtetik gorakoek, 6 hilabete eta 5 urte bitarteko umeek, gaixotasun kronikoren bat dutenek (diabetesa, kardiopatiak, BGBKk…), haurdun dauden emakumeek, eta osasun arloko eta arlo soziosanitarioko profesionalek. Xede-populazio honen parte ez direnek hilabete beranduago jarri ahalko dute txertoa, azaroaren 3tik aurrera. Hitzordua online eskatu dezakete Osakidetzaren webgunea bisitatuta, Aurretiko web zita atalean; bestela, Mallabiko edo Ermuko zentroetara deitu dezakete edo zuzenean gerturatu.

Horrez gain, gogorarazi dute COVIDaren kontrako txertoa jarri nahi duten 75 urtetik gorakoek ere txanda eska dezaketela.

Aldaketak telefono sisteman

Ermuko Osasun Zentrora zein Mallabiko Kontsultategira deitu nahi dutenek 943 03 26 30 telefonoaren bidez egin beharko dute. Osakidetzaren sistemak hartuko du deia eta, berbideratu aurretik, paziente bakoitzak bere burua identifikatu beharko du NANaren edo Osasun Txartel Indibidualaren zenbakia sartuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.