Hego Euskal Herriko zortzi sindikatuk "lanuzte orokorra" antolatu dute urriaren 15erako, Gazako genozidioa salatu eta erakunde publikoei eta enpresei eskatzeko eten dezatela Israelekin duten harreman komertzial oro. Deialdia LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiruk elkarrekin iragarri zuten, eta ELAk bere aldetik egin zuen mobilizaziorako deia, egun bererako. Hezkuntzan, berriz, egun osoko grebara deitu dute gaurko.
Hainbat dira sindikatuen lanuzte eta greba deialdiekin bat egin duten norbanakoak. Ondorioz, hainbat lantegitan, zerbitzu publikotan –garraio publikoan, esate baterako (albistea hemen)– nahiz hezkuntza zentrotan geldialdiak egin nahiz gutxieneko zerbitzuak eskainiko dituzte.
Askotariko deialdiak egin dituzte han eta hemen, eta Debabarrenean ere izango dira protestarako hitzorduak. Mallabian 18:30ean elkartuko dira udaletxe parean, eta Ermuan 19:30ean, plazan.