Odol-emaileen autobusa pasako da gaur Ermutik

Ander Gomez 2025ko urr. 23a, 13:02

Euskadiko Odol Emaileen Elkarteak autobusa jarriko du gaur Bizkaia Etorbideko Kaltxango geltokian. Arratsaldez zabalduko ditu ateak, 16:30etik 21:00etara, eta mallabitarrak ere deituta daude bertaratzera.

Gaur -urriaren 23an- eguneratutako odol-mailen arabera, AB- motatako odolaren premia dago batik bat eta lehenbailehen emateko eskatu dute. Horrez gain, O+, O-, A+ eta A- erreserbak ere baxu daude; eta hauek, hurrengo 2-3 egunetan eman dezakete odola. B+, B- eta AB+ motatakoek, berriz, hurrengo odol-biketara itxaron dezakete.

Gaur gerturatu ezin dutenek, zapatu goizean izango dute odola emateko aukera. Autobusa berriz izango da Bizkaia Etorbideko geltokian, kasu honetan goizez, 9:30etik 14:00etara. Bestela, gogorarazi dute Durangon egunero (astegunetan) dagoela odola emateko aukera, 16:30etik 21:00etara, bertako anbulategian (Herriko Gudarien kalea, 7).

"Odola eman dezaket?"

Pertsona batzuek ezin dute odolik eman osasun egoera edo bestelako arrazoiengatik. Zalantzak dituztenek autobusean bertan argitu ahalko dituzte baina, bestela ere, Euskadiko Odol Emaileen Odola eman dezaket?  test arina egin dezakete etxetik bertatik. Testa betetzeko egin klik hemen.

Dena den, elkartetik azpimarratu dute autobuseko medikuak duela azken hitza: "Testak ez du ziurtatzen odola eman ahal izatea, autobusean galdera zehatzagoak egin daitezke eta horren arabera hartzen da erabakia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Ermuko eta Mallabiko albiste nabarmenenak, azken ordukoak, zozketak... momentuan jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu Drogetenitturri kanalera eta aktibatu kanpaitxoa 🔕→ 🔔.

INSTAGRAM: Jarraitu @drogetenitturri kontua.

FACEBOOK: Jarraitu Drogetenitturri orrialdea.