2025eko urtarrilaren 18an (zapatua), agendan markatu beharreko hitzordua daukate Ermuko boxeozaleek. Ixa Rodriguez (Ermua, 1982) Sorabox taldearen eta boxeo eskolaren zuzendariak antolatutako ekitaldia izango da. Urteak daramatza inguruko herrietan horrelako jaialdiak antolatzen: Soraluzen, Bergaran, Hernanin... Orain, "borroka apur bat" eginda eta Ermua Kirolak-ekin elkarlanean, jaioterrian jaialdirik antolatu ez izanaren arantzatxo hori kentzea lortuko du.
Bertako borrokalariak igoko dira ring-era
Iraila honetan hasi zen Ixa Rodriguez boxeo klaseak eskaintzen Ermuan eta harrobi polita sortzen ari da, baina kontu bat entrenatzea da eta beste bat borrokatzea. Hala ere, urtarrileko boxeo jaialdian Ermuko borrokalariak ez direla faltako agindu du. Oraingoz konfirmatuta daudenak Asier Barreira eta Ermuan bizi den Jokin Merino eibartarra dira. Ander Araiztegi ere izan daiteke ere izenetako bat, ekainean bere lehen borroka egin —eta irabazi— zuenez gero (albistea hemen), baina oraindik ez dute lotu bere hurrengo borrokaldia.
Araiztegiren garaipena, Ixa Rodriguezek antolatutako Hernaniko boxeo jaialdian. Argazkia: Sorabox.
Borrokak lotzen diren heinean eta jaialdiaren inguruko bestelako berritasunak agertu ahala Drogetenitturri.eus atarian jasoko dira.