EGITARAUA

Giza-katea, mural margoketa, tailerrak, erakusketa eta kontzertuak Palestina Egunean

Ander Gomez 2024ko abe. 12a, 11:14

Umeak Gernikaren murala Palestinako banderaren koloreekin margotzen. Argazkia: Cugat.cat

Zapatu honetan Palestina Eguna ospatuko da Ermuan eta, eguerdian hasi eta bi ordu inguruz, bertako talde eragileak antolatutako ekintza pila egongo dira plazan.

Abenduaren 14an (etzi) Palestina Eguna ospatuko da. Ermua Palestinarekin Ekimenak antolatutako jardunaldia izango da eta ekintza guztiak Orbe Kardinalaren plazan burutuko dira.

12:00etan hasiko dira, haurrentzako tailer desberdinekin: txapa eta pultserak sortzen, henna tatuaiak egiten, aurpegiak margotzen, misilari tiro!-ra jokatzen... Goizean zehar herriko artista desberdinek murala margotuko dute eta Euskal Herriko 23 ilustratzaileren artelanekin egindako "Kulturatik Genozidioa STOP - Kultur Sortzaileak Palestinarekin" erakusketa egongo da ikusgai. Azarotik egon da Lobianon eta Ermuko hainbat dendatan, eta honakoa izango da herrian ikusteko azken aukera.

13:00etan, herritarrez osatutako giza-katea egin nahi dute eta antolakuntzatik Ermuko bizilagunak gonbidatu dituzte, "katera batu eta Palestinako herriari elkartasuna adierazteko". Bukatzeko, bi kontzertutxo egongo dira, 13:30ean hasita: Patxi Dinamita eibartarra eta Jon Moma ermuarra arituko dira, formatu akustikoan. 


Patxi Dinamita Sallabenteko frontoian, ekainean ermuarrek eta eibartarrek egindako martxa bateratuaren ostean.