Ermuko Udalak 39.960,25 euro inbertitu ditu pista estaltzeko lanetan eta, Jubiletxeko Pentaka Taldekoek borondatez egindako lanekin batera, jokatzeko prest eta erabilgarri utzi zuten hilaren hasieran. Orain gunea hesituta dago eta, edozein herritarrek jokatu dezakeen arren, Petanka Taldekoek kudeatuko dute sarbidea aurreratzean, pista berria zaintze aldera.
Uztailaren 4ko goiz osoa hartu zuten Petanka Taldeko kideek pista txukuntzeko.
Jubiletxetik urtean bi txapelketa nagusi antolatu ohi dituzte: bata negukoa eta bestea Santixauen bueltakoa. Urte hasierakoan 40 lagunek hartu zuten parte eta, giro ederrean burutu zen arren (ikus albistea hemen), beti bezala, partiden egutegia eguraldiaren menpe egon zen. Astelehen honetan bigarren txapelketari ekin diote estalitako pista eraberrituan eta, uda sasoi betean euria arazo handia izango ez bada ere, ziur egun beroenetan gerizpean jokatzea eskertuko dutela petankazale ermuarrek.